Behingoz euskara ofiziala Nafarroa osoan

1986an “Ley Foral del Vascuence” delakoa onartu zenean, euskaldunok bagenekien lege kaskar baten aurrean jarri gintuztela. Izan ere, euskalduntasuna eskualdearen edo eremuaren baitan ezarri baitzuten, eta ez hiztunen baitan.

Nekane Otamendi, IKAko Arturo Campion euskaltegiko irakaslea

2018-ko urriak 22

Bagenekien eskubide ezberdintasunak ezarriko zizkigula
euskaldunoi, gure jarduna garatu behar genuen eremuaren arabera. Horregatik aldarrikatu dugu
euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan hasiera-hasieratik euskalgintzako talde guztiok. 

Legea onartuz geroztik Nafarroan izan diren 2015eko gobernu aldaketa iritsi bitarteko gobernu
guztiek lege horren garapen ezin baztertzaileagoa egin dute garatu dituzten arloetan, eta asko ez
dituzte garatu ere egin. Ez da euskalgintzak egiten duen funtsik gabeko salaketa, Hizkuntza
Gutxituendako Europako Bulegoak ere salatu zuen Nafarroako Gobernua, hizkuntza gutxitua
baztertzeko neurriak aplikatzen zituen bakarra zelako, eta jarrera hori aldatzeko eskatu zion. Lekuko
gisa, euskalduntze alfabetatze arloan, herri ekimeneko euskaltegiok 2012ko urritik 2015eko urria arte
ez genuen diru-laguntzarik jaso, legea garatzen duen Foru Aginduan jasoa egon arren, eta nahiz eta
Nafarroako aurrekontuetan horretarako Diru saila aurreikusi, kopuru txikia baina hil ala bizikoa
guretzat. Horrela aplikatu zitzaigun lege trakets hori urteetan zehar, inolako irizpiderik jarri gabe diru
kopuru bat edo bestea jasotzeko, edo aurrekontuetan egon arren ez jasotzeko; ez gure kostua
zenbatekoa zen, ez bestelako zer laguntza jasotzen genuen… ezer kontuan hartu gabe. Zer esanik ez,
egoera horrek ia-ia hondoa jotzera eraman gintuen, eta beste behin ere, gure ikasleen eta erakunde
eta norbanako euskaltzaleen eskuzabaltasunera eta gure irakasleen ahaleginera jo behar izan genuen
bizirik irauteko. 

Egoera honetan iritsi zitzaizkigun 2015eko hauteskundeak eta ondorengo gobernu aldaketa eta
urte batzuez bizirauteko itxaropena eta aurreragorako oinarriak finkatzeko ilusioa. Baina legealdia
hasi aurretik kukua makur jotzen hasi zitzaigun jakin baikenuen Gobernu Akordioan Euskararen Legea
ez ukitzea adostu zuela laukoak. 

Ez dezakegu uka jarrera aldaketa handia nabaritu dugula gobernu berriaren aldetik, euskara dela
eta. Lehendakaria edo Parlamentuko burua edo Geroa Baiko bozeramailea euskaraz entzuteak,
zalantzarik gabe, prestigioa ematen dio gure hizkuntzari. Beste aurrerapauso txiki batzuk ere eman
ditu, esaterako 2017ko maiatzean 43 herri eremu ez euskaldunetik mistora pasatzea, eta bat, Atetz,
mistotik euskaldunera. Baina horrek ez ditu arazo guztiak konpontzen, horrek ahalbidetzen du eskola
publikoan haurrak euskaraz eskolatu ahal izatea herri horietan, ez besterik. Bestalde, euskaltegiok
berreskuratu ditugu gure diru-laguntzak, lehengoak baino handixeagoak baina eskasak oraindik.
Euskararen Plangintza Estrategikoa ere prestatu du, baina hura arlo ezberdinetan garatzeko garaian
beti oztopo berarekin egiten du talka, zorioneko legearekin. 

Baina, hara non, legealdi honetan euskararen arloan egin zitekeenaren inguruan etsipena
nagusitzen ari zen garaian, joan den otsailean hain zuzen, Legearen aldaketa aztertzeko Batzorde
berezi baten eratzea onartu zuen Parlamentuak, nafarren hizkuntza eskubideak bermatu, zonifikazioa
gainditu eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabalduko duen aldaketa, hain zuzen, eta
itxaropena zabaldu zen gure artean. Zalantzarik gabe, 30 urtetik gorako bizirauteko gure borroka
honek saria izan dezake, Legea alda dezakete eta gizarte guztiak jasoko ditu horren onurak. 

Lege berriak zonifikazioa gainditu eta guztion hizkuntz eskubideak bermatzen baditu, gizarte
berdinago batean biziko gara, eskubide berak izanen ditugu Nafarroako euskaldun guztiok hizkuntzari
dagokionez, bizi garen tokian bizi. Horretarako ezinbestekoa dugu ofizialtasuna Nafarroa guztian. Hori
aldarrikatzeko, ofizialtasuna behar dugula alegia, mobilizazioa eginen da hilaren 27an, arratsaldeko
5etan hasita. Hiru tokitatik abiatuko da ibilbidea, Gazteluko Plazatik, Media Luna Parketik eta
Iturramatik, eta autobus geltoki berriaren atzealdean amaituko da. Ni han izanen naiz; zatoz zu ere, ea
guztion artean lortzen dugun 30 urte baino gehiagoz izan dugun lege narrats hori aldatzea, eta
euskaldunok ere behar dugun lege aldetiko babesa errealitate bihurtzea.

EUSKARA OFIZIALA NAFOARROA OSOAN!

Gehiago