Maguette Mbeugou bortizki eraila izan da Bilbon
ASKI DA! Nazkatuak gaude!
EHko emakumen mundu martxaren plataforma
2018-ko irailak 26
Beste erailketa matxista baten berri izan genuen atzo, seigarrena dugu aurten Euskal Herrian:
Maguette Mbeugou gogoan zaituztegu!!! 25 urteko emakumea erail berri du bere bikoteak
Atxurin, Bilbon. Maguette Mbeugou senegaldarra zen eta adingabe biren ama zen. Atzo
asteartean aurkitu zuten emakumea Bilbon, bere etxean. Lepoa moztua zuen. Eguerdi aldera,
bizilagunek Poliziari deitu zioten, biktimaren etxean «zerbait arraroa» gertatu zela ohartarazteko.
Etxera joan ziren ertzainek eta hilotz topatu zuten.
Bikotekidearen aurkako salaketa bat ipinita zegoen Bilboko Udaltzaingoan baina honek ez zuen
ekarri babes agindua. Honek indarkeriaren aurkako neurrien hutsuneak azaleratzen ditu.
Maguette eta bere bi alabak etxetik kanpo bizi ziren hilabete bat eta erdi baina bueltatuak ziren
bikotarean etxera. Geure buruari galdetu beharko genioke: zergatik bueltatu zen Maguette
Mbeugou eta bere bi alabak bere bikotearen etxera? Zelako errekurtsoak izan ditu Maguette
bere bi alabekin etxetik joateko? Jatorri atzerritarra izateak eta prekarietate egoerak ez zizkion
gauzak erraztu. Gure jendartea zeharkatzen duen klase egitura edota xenofobiak, emakume
askok indarkeria matxistarekiko duten babesgabetasuna handitzen dute. Hori dela eta,
Maguettek aurre egin behar izan zuen bai sistema patriarkalaren indarkeria matxistari bai sistema
kolonial eta arrazista honen indarkeri instituzionalari.
Mugimendu Feministak lan kolosala egin du indarkeria matxistari hitzak jartzen eta jendartea
sentsibilizatzen. Hala zabaldu dugu emakumeon aurkako indarkeriak ez du mugarik, bizi garen
sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna delako, eredu
honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak betikotzeko tresna. Garrantzitsua da
ulertzea indarkeria matxista, bestelako biolentzia ardatz batzuekin elkarlotzen dela, arrazismoa
edo klasea, kasu.
Ez dira modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; gure sistemaren muinean
erreproduzitzen den indarkeria da: kultura aparatuan, komunikabideetan, estatuan, lan
merkatuan, familian edota hezkuntza sisteman. Honen aurrean, agente sozial, politiko eta
instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa ezinbestekoa da. Apustu ausartak eta neurri
sakonak beharrezkoak dira. Garaia da hitzetatik praktikara pasatzeko.
Emakumeen Mundu Martxatik gogor salatzen dugu Bilboko erailketa eta Irailaren 26 eta 27ean
egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu! Honekin batera autodefentsa
feministarako deia egiten dugu, gure bizitzak direlako jokoan daudenak. Feministok erantzuteko
prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin, borrokan denak aske izan arte!!!!