Urriaren 11, 12 eta 13an, GazteBira ekimena jarriko du martxan Ernaik gazteen prekarietatea salatzeko

Ekimen ibiltaria hau Hego Euskal Herriko hiriburu guztiak bisitatuko ditu gazteek euren bizitzen eremu guztietan bizi duten prekarietatea salatzeko helburuarekin. Iruñean urriaren 13an izanen dira hainbat ekitaldi.

2018-ko irailak 13

Gazteon bizitzak prekarietatez ezaugarritu dituztela eta enpleguari lotutako baldintza kaxkarrez haratago, “ziurgabetasuna, heldulekurik eza, ezegonkortasuna eta segurtasun falta” gazteen bizitzako eremu guztietan nagusitu direla salatu du Ernai-k. “Lana, hezkuntza, etxebizitza, harreman sozialak, harreman afektibo-sexualak, denbora gabezia, osasuna, zaintza, parte hartze politikoa, etorkizunerako zerumugarik eza… prekarietateak gure bizitzak zeharkatu ditu. Ondorioz, emantzipatu eta bizi proiektu duin bat proiektatu eta eraikitzea ezinezkoa bihurtu da. Eta hau ez da trantsitorioa edota koiunturala”, azpimarratu dute Gasteizen egindako agerraldian.

“Espainiar erregimena bere ohiko jarrera autoritarioan gogor mantentzen da. Eta datozen urteetako eskaintza inboluzionista, antidemokratiko, antisozial, autoritario eta errepresiboa izango dela ondoriozta dezakegu panorama politiko-instituzionalaren argitan. Guzti hori ezinezkoa litzateke, euzko-labeldun erregimenak “arduraren” aitzakiapean gure Herria interes kapitalista eta patriarkalen arabera saldu eta erosiko ez balu. Eskema argia da; elite ekonomiko eta enpresarialak agindu, Bruselak diktatu, estatu espainol eta frantsesak inposatu eta dependentziaren aitzakiapean hemengo agintariek aplikatu. Erregimenaren piramidea”, esan du Ernai-k.

Gazteak “nazkatuta” daudela eta “era duinean lan, ikasi eta bizi nahi” dutela baieztatu dute. “Bizitzaren sostengarritasuna eta zaintza erdigunean jartzeko apustua egiten dugu. Auzolana, burujabetza, lan autonomo eta sortzailea, kooperatibismoa, parekidetasuna, jasangarritasuna, demokratizazioa, Herria, bizipoza, euskara… ardatz, denon bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua orain eta hemen eraikiko dugu. Euskal Herrian bizi nahi dugu”.

Urriaren 11, 12 eta 13an Hego Euskal Herrian zehar eginen den bira baliatuz, kaleak hartzeko deia egin dute. Gazte Birak Hego Euskal Herriko hiriburuak zeharkatuko ditu, Gasteiztik hasi eta Iruñean bukatuz Bilbo eta Donostiatik pasa ondoren. Hezkuntza sistema, enplegua eta etxebizitzaren bueltan pairatzen duten problematika iraultzeko lehen planteamendu eta urratsak emango dituztela ziurtatu dute.

Hiriburu bakoitzak ildo jakin bat landuko du, formakuntzarako eta aisialdirako aukerak eskainiz. Hezkuntza, etxebizitza, enplegua eta feminismoa izango dira hiriburu bakoitzean landuko diren gaiak; beti ere gazteek pairatzen duten prekarietatea oinarri hartu eta sortutako dinamika edo alternatibak plazaratuz. Biran mahai inguru, tailer eta borroka tresna desberdinak praktikan jarriz, ekimen ezberdinekin aldarri jakinak plazaratuko dituzte. Hiru egunez prekarietate kronikoaren aurkako gazte aldarria zabaldu eta borrokarako espazioak eskainiko dituzte.

Hainbat eragilek ere hartuko dute parte Gazte Biran. Lekuan lekukoez gain, Mugimendu feminista, Hezkuntza komunitateko kideak, Eragin, Hotel+ ez plataforma, EHUko ikerlariak, LAB, Abaraxka, GES, LuGaTiBe kolektiboa, Okupazio bulegoa, M8 plataforma…

“Bizi edo biziraun, ez dago beste aukerarik. Sistemaren koordenadetan biziraun edo bizitza erdigunean jarriz Euskal Herrian bizitzeko hautua egin. Bide okerretik garamatzate eta guk, kontrako norantza hartzeko hautua egina daukagu”, esan dute.

EGITARAUA
URRIAK 11, GASTEIZ
    17:30 Kalejira Hezkuntza Delegaritzara
    18:30 Hitzaldia gaztetxean: Hezkuntza prekarietateari aurre eginez (Ikasle Mugimenduko kide ohia, Ernaiko kide bat eta Hezkuntza komunitateko kide bat)
    20:30 Luntxa
    21:00 Jaialdia gaztetxean

URRIAK 12, BILBO
    11:00 Mahaingurua: Prekarietatearen aurkako hamaika aurpegi
    (Eragin, EHUko ikerlaria, LABeko gazte bat, Ernaiko kide bat)
    12:30 Martxa Konfebaskera

URRIAK 12, DONOSTIA
    17:30 Apainketa Alderdi Ederren
    18:00 Mahaingurua: Gazteon emantzipazioarako alternatibak (Abaraxka, Hotel + ez!, Okupazio bulegoa, GES)
    20:00 Luntxa Ikatz kalean

URRIAK 13, IRUÑEA
    10:00 Tailerra: Sexu-disidentziak bilatzen (LuGaTiBe)
    10:00 Solasaldia: Prekarietatea emakumeon bizitzetan. Nola bizi dugu? (LABeko kide bat, Ernaiko kide bat, M8 plataforma)
    13:00 Kontzentrazioa Nafarroako Auzitegian. Ez ezazue gure bizitzekin jokatu. Gazteon oraina borrokan da!

Gehiago