Egia Jakiteko Eskubidearen Egunean egia, justizia eta erreparazioa exijitu du Egiari Zor Fundazioak
Martxoaren 24a, biktimen duintasunari eta giza eskubideen urraketa larriei lotutako Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna dela eta, Egiari Zor Fundazioak "biolentzia politikoa pairatu dugun biktimontzat" egia, justizia eta erreparazioa eskatu du.
2018-ko martxoak 24
“Egiak zauriak ixten ditu. Pairatu dugun tragedia berriro ez errepikatzea posible egiten du” eta “izandako mina aitortzeko” balio du, “biktima erreparatzeko eta duintzeko ezinbesteko tresna” bihurtzen da egia.
“Egun ezagutzen dugun ohiko justiziak utzi dio Estatuari, biztanlegoaren eskubideak babestu beharrean, horien kontra jarduten”, Egiari Zor fundazioaren esanetan, eta salatu dute Estatuak argi adierazi duela behin baino gehiagotan “ez duela hartuko bere gain inolako ardurarik eta nahiago duela gatazka betikotu”.
“Inpunitatea nagusi izan da gure herrian, hainbat mekanismori esker: poliziaren jardun bidegabea estali duten bertsio ofizialak; kondenatutako gutxi horiei eman izan zaizkien indultuak; giza eskubideak urratu dituztenen kondenen arintzeak; gure eskubideak urratzearen arduradunak kondekoratu izana; etab. Espainiar justizia gurean bizi izandako tragediaren arduraduna ere bada. Baina hala ere, argi eta garbi esan nahi dugu guretzat gatazka konpontzea ez dela mugatzen judizialki epaitzera eta kartzelara bidaltzera Estatuak aurrera eramandako krimenen arduradunak”, adierazi dute.
Jakinda ezerk ez dizkiela bueltan ekarriko galdu dituztenak ezta jasan duten mina kenduko, Egiari Zor Fundazioak Euskal Herrian zabaldutako abagune historiko berrian bake prozesuaren aldeko ekarpen bat egin nahi du, etaildo horretan “konpromiso irmo” bat adierazi nahi izan dute “gure sufrimendua bertute” bilakatuz. “Hori dela eta, ardura handi bat dugu eskuartean: lan egitea gatazkaren baitan gertatutako guztia ezagutu eta ezagutzera emateko; eta gizarte berri bat eraikitzearen alde lan egitea, elkarbizitza, giza eskubideak eta bakea oinarri izango dituena”, esan dute.
Hortaz, gatazkaren ondorio guztiak konponduta eta gaindituta dauden eszenatoki bat desio dutela ziurtatu dute. “Egia, justizia eta erreparazio osoa nahi ditugu. Sufrimendu gehiago eragitea besterik ez genuke lortuko gure senideen giza eskubideak urratu zituzten horiek kartzelaratzea eskatuta; gatazka gehiago luzatzea, bere ondorioak betikotzea eta erresoluzioa oztopatzea. Guretzat, garrantzia handiagoa du momentu honetan gertatutakoaren egia ofizialki aitortzeak eta exigitzeak norberak egindakoen gaineko ardura hartzea. Funtsean, drama hori ez errepikatzeko oinarrizkoa horixe da”, esan dute.
Egia Jakiteko Eskubidearen Egunean, egia justiziarako mekanismo gisara aldarrikatu nahi izan dute. Horretarako, “Egia: justiziarako mekanismoa” bideoa prestatu dute. Bertan, Estatuak praktikara eramandako biolentziaren biktimen elkarrizketarako eta hausnarketarako gune bat sortu nahi izan dute: egia nola ulertzen duten jakiteko, justizia Euskal Herriko bake prozesuaren logikan zer ote den eztabaidatzeko, edota egundo egia ofizialki aitortu gabe dauden ehundaka kasuei nola aurre egin hausnartzeko.