Iruñeko Alde Zaharrean dauden segurtasun kamara guztiak mapa batean kokatu ditu blogari batek
Alberto Matxain Alde Zaharreko bizilagunak ehundik gora kamara zenbatu ditu eta Google Maps-en kokatu ditu guztiak. Gutxienez begi bistan daudenak. Ekimen honekin kamara hauen inguruko eztabaida piztu nahi izan du.
2018-ko urtarrilak 16
Goian ikusten duzuna, Iruñeko Alde Zaharreko mapa da, eta puntu bakoitza kalean begi bistan dagoen kamera bat da. Alberto Matxain Iruñeako blogari eta Ezker Abertzaleko militanteak egindako mapa da, eta bere Kontraesana webgunean argitaratu du.
Matxainek egin duen kontaketan ehundik gora kamara agertzen dira, 11.000 biztanlera iristen ez den auzo batean. Eta norenak dira kamara horiek? Udalarenak eta Nafar Gobernuarenak, baina baita ere badira pribatuak direnak: hotelak, dendak, bakuetxeak, tabernak… kamerak non-nahi eta kalean gertatzen den guztia grabatzen, 24 orduz, urteko 365 egunetan. Hauek ez dute atsedenik hartzen. Azken hamahiruak, Iruñeko Udalak jarri zituen auzoan trafikoa murrizteko planaren baitan, kotxeen sarrera-irteerak kontrolatzeko.
“Alde Zaharrean bizi naiz eta Alde Zaharrean egiten dut lan. Etxetik lanera 6 minutu ditut, eta 7 kamararen aurretik pasatzen naiz. Monitorizatuta bizi naiz”, dio Matxainek, eta “zu ere bai” aipatzen du bere blogaren artikuluan. Izan ere, Nafar Gobernuak 1.041 kamera ditu Nafarroan barreiatuta, haietako 495 Iruñean. Iruñeko Udalak 200 baino gehiago ditu, Diario de Navarrak abenduaren 9an argitaratutakoaren arabera. Kamara pribatuak ehunka dira. Eta hori ez da soilik “fenomeno nafarra”, ezta gutxiago ere. Euskal Herriko hiri eta herri handietan errepikatu egiten den fenomeno bat da, noski.
Kontrol soziala eta eskuinaren eredua
Baina zergaitik daude hainbeste kamara 11.000 biztanle biltzen dituen auzo batean? Azalpen bat hau izan daiteke: eraikin publiko ugari dagoela Alde Zaharrean. Udaletxea, Nafarroako Artxibategia, Nafarroako Museoa, Hezkuntza Saila, Hizkuntz Politika Saila, Hizkuntz Eskola, Liburutegi Publikoa… gehienek kamerak dituzte perimetroa inguratzen. Haietako batzuk elkarren ondoan daude eta kale berdinean kamarak pilatu egiten dira, Santo Domingoko jaitsieran bezala. Ezin da ahaztu ere Iruñeko erdiguneak beste edozein auzok baino jende gehiago biltzen duela, erosketak, poteoa, edo asteburuko parrandak direla-eta. Eta sanferminen bihotza ere badela, eta Alberto Matxainek bere artikuloan gogoratzen duen bezala, kamerak determinanteak izan omen ziren “La manada” delakoa atxilotzeko garaian, Madrilgo neska bat sexualki erasotzeagatik. Baina kamara hauen jatorria eraso sexualak ekiditzea ez zela izan argi dago. Iruñea, duela gutxi arte, UPN aginpean izan da, eta kontrol sozial zorrotza ezarri zuen alderdi erregionalistak herri mugimendua jazartzeko eta disidentziarekin bukatzeko.
“Gaia konplexua da”, onartzen du Matxainek, eta erpin asko dituela azpimarratzen du. Horrexagatik ez du uste proposamen sinplistek eztabaida aberastuko dutenik. “Alde Zaharreko ehundapiko kamerak segurtasun eredu baten eta eredu sozioekonomiko baten adierazpena dira: eskuinaren eredua, desberdintasun sozialen eta kontrol sozialaren eredua. Eta eredu horri ez diogu legegintzaldi bakar batean buelta emango, ezta soilik instituzioetatik ere, baino ezta tabernako kritikatik edota planteamendu utopikoetatik ere”, nabarmendu nahi izan du egindako lan honekin. Instituzioen ardura badela argi du blogariak, baina bereziki, eta eztabaidari hasiera emateko, Matxainek auzokideen teilatuan ikusten du pilota. “Auzokideen sektore garrantzitsu batek ez badu beharra ikusten, ez diogu buelta emango” egoera honi, eta egunero, bere etxetik lanera joaten denean, gutxienez 7 aldiz agurtu beharko dio objetiboari.