Damutuak
Iragan asteburuan izan genuen Euskal Preso Politikoen Kolektiboak burutu duen eztabaidaren inguruko emaitzen berri, eta konta ezinak dira ordutik hona horren aurrean sortutako erreakzioak eta deklarazioak.
Fernando Lizeaga , Ziortza Fernandez Larrazabal, Jon Beaskoa eta Sendoa Jurado. Preso politiko ohiak eta amnistiaren aldeko militanteak.
2017-ko uztailak 12
Kolektiboak
onartutako proposamenak ontzat emango du, hemendik aurrera, preso
bakoitzak aukeratu ahal izatea ze urrats emango duen espetxe legediaren
aurrean onurak lortzeko orduan.
Guk pentsatzen dugu EPPK-k irakurketa politiko bat egiten duen
neurrian, zilegi dela kritika politikoa ere egin ahal izatea, erabakiak izan
ditzakeen ondorioez ohartaraztea eta preso politikoen batasunaren kalterako
izango dela eta, ondorioz, haien babesgabetasuna handituko duela esatea.
Ez da hori, ordea, idazki honen helburua, izan ere horrelako irakurketak
egiteko aukera eduki baitugu lehenago eta edukiko baitugu etorkizunean ere,
jarrera politikoak ez direlako egun batetik bestera finkatzen, denboran luzatzen
diren dinamiken bidez baizik. Kezka handia sortu digute batzuek, gehienetan
anonimotasunetik eta sare sozialen bitartez, EPPK-ren zuzendaritzaren
proposamenari “baiezkoa” eman zioten presoen aurka zabaldutako hainbat
mezuk: “damutuak”, “221 preso arrunta gehiago”, “traizioa”…
Eztabaidaren parametroekin ados egon ez arren (2012an hasitako presio
kanpaina, komunikabideen jokabidea, kalean konfrontazio ideologikoa saihestu
izana kaletik eztabaida baldintzatzen zen bitartean, espetxeko gradu sistema ez
ezagutzeko blokeo informatiboa…), ezin dugu gure patio-kideak izan direnen
aurkako antzeko erasorik inolaz ere onartu.
Ezin dugu ahaztu haietako batzuk, gaur egun desadostasun ideologikoak
izanda ere, gure sostengua izan direla kartzelan egon garen bitartean,
etsaiaren aurrean gurekin batera plantoak, gose grebak, itxialdiak eta beste
hainbat ekimen burutu dituztenak direla, une gogorretan guregatik kezkatu
direnak. Ezin dugu ahaztu haietako asko urte mordo daramatzatela preso edota
kondena luzeak dituztela betetzeke, eta inoiz damutu ez denari ezin zaiola
damutua deitu.
Bestetik, ez zaigu bidezkoa iruditzen egungo egoeraren ardura nagusia
beraien bizkarrean jartzea ezta hain modu zorrotzean epaitzea. Baiezkoa eman
duten presoen artean badago konbikzio osoaz eta ilusioz jokatzen duenik,
badago pelikularen amaiera gustuko izan ez arren puntu honetara helduta
ontzat eman duenik, badago bere indarren mugara iristen ari denik eta damutu
gabe beste bide batzuk jorratu nahi duenik. Edozein kasutan, damutzen ez den
inor ez da damutua.
Ez dezagun bilatu egoeraren ardura kate-begi ahulenean, benetako
arazoa kalean baitago. Ez bagara gai herri mugimendua indartzeko egoera
honek ez du bueltarik izango. Ezin diegu presoei eskatu guk egiten ez dugun
ahalegina, ezin diegu presoei gehiago eskatu herri mugimendua indartzeko
behar bezain beste egiten ez dugun bitartean. Inork ez zukeen ausardiarik
izango presoei espetxe legedia onartzea eskatzeko kalea pil-pilean
mantentzeko gai izan bagina 2009a eta gero.
Amnistiaren aldeko borrokari dagokionez, mundu guztiari eskatuko
geniokeena bere ekarpena antolakuntzaren bitartez egitea da. Proiektu hau
aurrera ateratzeko ez da nahikoa bizkarrean zaplada ematea ezta urtean
birritan edo hirutan manifestatzea. Potentzialtasun handiko apustua egin dugula
ziur gaude, baina bizi dugun egoera zailean ekarpen konstruktiboek berebiziko
garrantzia hartzen dute. Hori zor diegu gugan konfiantza jarri duten guztiei,
batez ere haien babesa modu publikoan eman diguten errepresaliatu politikoei
eta, oso bereziki, Kolektibotik kanpo dauden lau presoei, haien kemena gure
indarra delako, gure indarra haien arnasa delako.
Hasi garen moduan bukatuko dugu, kritika politikoa zilegi dela esanez,
eta norbaitek kontra egin nahi badigu argudioak eman beharko dituela
baieztatuz. Baina ez dezagun perspektiba galdu, eta Estatuak preso, deportatu
eta iheslari politikoei puntilla emateko ahalegin berezia egiten ari diren honetan,
beraiekiko errespetuz joka dezagun.