Aniztasun kulturalaren aldeko aldarrikapenarekin hasiera emanen die Sanferminei Herri Sanferminak-ek

Txantreako bizilaguna eta kanporatzeko arriskuan aurkitzen den Cheikhouna izanen da txupinazo herrikoia jaurtitzeko arduraduna. Herri Sanferminak ekimenak kudeatuko dituen bi guneetan egitarau oparoa prestatu dute, eta jateko menu ekologikoak eta prezio onean eskeiniko dituzte.

2017-ko uztailak 4

Herri Sanferminak osatzen duten eragileek beste jai eredu baten aldeko apostua egiten dute beste urte batez, eta jaiei hasiera emateko Iruñerriko aniztasun kulturala azpimarratu nahi izan dute. Hori isladatzeko, uztailaren 6an Baratxurien Plazan eta O Plazan kokatuko diren guneak irekitzeko txupinazo bat antolatu dute, eta suziria jaurtitzeko arduraduna Txantreako bizilaguna eta kanporatzeko arriskuan aurkitzen den Cheikhouna izanen da. Horren berri eman dute gaur Sanferminen atarian izandako prentsaurrekoan.

“Hurbila, auzolanean eraikia, herritarrak protagonista izango dituena, eta urte guztian zehar lantzen ditugun baloreak barnebilduko dituena: feminismoa, ekologismoa, parte hartzea, aniztasuna, kultura, euskaltzaletasuna, antikapitalismoa, auzolana… ” Horrela definitu dute Herri Sanferminak ekimenak bultzatzen duen jai eredua eta horregatik, aurten ere, plaza txikietan elkartzearen aldeko apustua egiten dute, “uste baitugu plaza txikiek balore hauek lantzeko eta herritarron arteko elkarlanerako espazio aproposak direla”. Aurten Errekoletak eta O plazak kudeatuko dituzte, eta auzolanean beharrezko azpiegitura muntatzen ari dira oraindik ere.

Esan bezala, jai herrikoei hasiera emango diote txupinazo herrikoiarekin. Uztailaren 6an, eguerdiko 14.30tan izango da Errekoletak plazan. Txupinazo honetan jatorri anitzetako iruindarrek hartuko dute parte. 2016ko ekainaren 9tik kanporatze agindu bat duen Cheikhouna senegaldarra izanen da suziria botako duena. “Txupinazo honetan, pertsona guztiek, beraien jatorria inporta gabe, gure hiriaren eta jaien parte direla aldarrikatu nahi dugu”, adierazi dute.

Janari ekologikoa, Km0-koa eta merke-merke

Honetaz gain, jantoki ekologiko bat egongo da O plazan, bertako produktuekin ekoitzitako eskaintzarekin: menuak egunero eguerditan 18 eurotan; bokatak, razioak eta pizzak 6an egun osoan zehar eta 7tik aurrera gauetan; eta hamarretakoak 6, 7, 8, eta 9an.


Aurtengo beste berrikuntza bat herri olinpiadak izango dira : Okojoko herrikadak. Mota askotako probez osatutako jokoak izango dira, eta jendeak taldeka parte hartu ahalko du. Probak 8an, 10ean, 11an eta 12an izango dira, arratsaldez, zezenketei alternatiba bat izatea nahi dutelako. 7an egingo duten herri bazkarian, gainera, taldeen aurkezpena egingo da eta 14an kalderete lehiaketa baten ostean sari banaketa izango da.

Gehiago