Ezker eraldatzailea, eusko alkartasunaren birfundazioan sakontzen
Ez gara urrun joango 8 urteetako ibilbidea aldarrikatzeko garaian. Ez ditugu kristalak beltzez margotuko gustatu ez zaizkigun gauzak oroitarazteko, ez eta jendarteari ezkutatzeko. 2009. urtean Gazte Abertzaleakek egindako Nazio Biltzarrean argi utzi zuen inoiz baino beharrezkoagoa zela indar ezkertiar independentistak batzea Euskal Herriak behar zuen askapen soziala eta nazionala aurrera ateratzeko.
Maider Carrere, Haritz Perez, Ibon Garcia eta Asier Gomez. Gazte Abertzaleaken idazkari nagusiak.
2017-ko maiatzak 26
Ildo horri eutsiz gazte erakundeak konpromisoa hartu zuen modu batean zein
bestean (lege-kanporaketak eta sarekadak gogoan) gazte erakunde ezberdinekin hartu emana eta
elkarlana sustatuko zutela helburu hori josten hasteko bide. Hilabete gutxietara, 2009. urte
horretan, Gazteherria sarea josten hasi ginen adostasunetan indarguneak bilatuz, euskal gazteriari
bere eskubide zibil eta politikoak onartzeko aldarrikatuz.
Ordutik gerora, Lortu Arten egon ginen harro Eusko Alkartasunak hartutako bideaz. Konpromiso
handiko egunak ziren: sinaduretatik harago, lan asko zegoen egiteke. Hodeiertz zabala esperoan
genuen eta jendartearen ilusioa kaleetan gorpuzten zen. Euskal Herriaren egoera politiko eta
sozialaren eraldaketa historikoa abian zegoen.
Hilabeteak eta urteak pasa dira. Baina Gazte Abertzaleakek helburu berdinekin jarraitzen du: Euskal
Herriaren eraldaketa soziala emateko beharrezkoa baitira esparru ezberdinetatik egiten ditugun
saiakerak, lortzen ditugun sinergiak, modu dialektikoan sortzen ditugun ezagutzak eta ilusioarekin
pizten ditugun esperantzak.
Euskal Herriko gatazkak modu integralean lantzeko momentua dela adierazi dugu foro
ezberdinetan, jakinda gatazken konpontzeko prozesuak herri hau eta berauen aktoreak eraldatzeko
inpultsoa izan daitezkela. 2009tik hausnarketa horretan murgilduta Gazte Abertzaleakek Eusko
Alkartasunan zirikatu nahi izan du alderdi barnean eredu aldaketa. Ez baita zilegi Euskal Herria
baten aldaketaren alde lan egitea etxe barruko lanak egin gabe utzita. Sabin Intxaurraga lagunak
ere argi utzi zigun gazte erakundeko jendeari horrela izan behar zuela. Gure jarduteko moduak ere
ezbaian jarri behar dira gure ingurua sakonki eta positiboki eraldatu nahi badugu.
Hortaz, Gazte Abertzaleakeko azkeneko 8 urteetan zuzendaritza eraman dugun idazkariek Eusko
Alkartasunaren ibilbidea azkeneko urte hauetan txalotzen dugu eta datozen urteetan bide
zidorretatik ausart eta konplexu gabe aurrera egitea eskatzen diogu. XXI. mendeko Euskal Herria
ezker eraldatzailea barneratzen duen mugimendua inoiz baino beharrezkoagoa da, ulertzen
baitugu euskal sozialdemokraziaren birfundazioa horretan datzala: Rosa Luxembourg, Clara Zeitkin
eta bestelako sozialdemokratek bere garaietan sozialdemokraziaren birsortzea aldarrikatu zuten
bezala.
Gainera, gazte erakundeak EH Bilduren inguruan eta gazteriaren paperaz sakonki mintzo da bere
batzarretan eta Nazio Batzarraren onespenaz koalizioaren prozesu eratzailea bultzatzea adostu du.
Ariketa demokratiko eta parte-hartzaileen bitartez egingo du Euskal Herriak aurrera eta Gazte
Abertzaleakek bere etorkizuneko apustua egin du, Euskal Herriaren askapen nazionala eta
sozialerako apustua hain zuzen ere.
Marketing utsal eta interesatuek sortu nahi dituzten anabasetatik harago, datorren zuzendaritzari
lerro hauen bitartez 2009tik Eusko Alkartasuna barrenean paradigma berriaren eraikitzearekin
jarraitzearen beharra eta ausardia eskatzen diogu. Inoiz baino beharrezkoa baita Eusko
Alkartasunaren 30 urteetako lanaren erreferentzia Euskal Herrian. Inoiz baino beharrezkoagoa
baita Euskal Ezker Eraldatzailearen lana esparru sozial guztietan.