Maiatzak 1ean ere, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzearen aldeko aldarria kalera!

Munduko langileontzat Maiatzaren Lehena ez da edozein data. Egun honetan mundu zabalean langileria kalera ateratzen da bestelako jendartea aldarrikatzera, justizia soziala eskatzera, aberastasunaren banaketa irauli behar dela ozenki esatera, langileon borroka balioan jartzera.

IREKI ekimenaren izenean, Jon Urrusolo eta Eneko Yurramendi.

2017-ko apirilak 26

Maiatzak 1ean Euskal Herrian egiten diren manifestazio ezberdinek eskaparate ederra eskaini ohi digute azkeneko urtean izandako borrokak ikustarazteko, baita aurrean ditugun erronka nagusiak zeintzuk diren azaltzeko ere. Garbi dago prekarietatearen aurkako borrokak, 1080 euroko gutxieneko pentsioak, 1200 euroko soldata minimoak, lan guztiaren aitortza eta banaketak, aukera berdintasunak, zerbitzu publikoen defentsa eta garapenak… manifestazio ezberdinetan bere tokia izango dutela. Egun horretan langileok langile izatearen harrotasuna, langile klasearen pertenentzia, langileok aldaketak gerta daitezen baldintzak sortzeko dugun gaitasuna adierazten dugu. 

Pasa den urriaren 15ean IREKI ekimena aurkeztu genuenean, esan genuen gure ekimenaren eginbeharra zela presoen auzia lan munduan txertatzea eta 150.000 sinadura biltzea, euskal presoak, iheslariak eta deportatuak ahalik eta lasterren etxerako bidean jartzeko. Eta erantsi genuen, bi arrazoi genituela zeregin hori gureganatzeko. Lehena, garaia zelako, ordurako 5 urte paseak ziren ETA erakundeak behin betiko su etena emanda zuela; eta bigarrena, langileon indarrean sinesten genuelako, munduan zehar, han eta hemen, eskuratutako lorpen sozialak langile mugimenduak erdietsitakoak izan baitira. Eta esan genuen eta esaten dugu, badakigula langile bezala une konplexu honetan zeintzuk diren gure lehentasunak: azken urteotan aberastasunaren banaketan galdutako zatia errekuperatzea, prekarietateari buelta ematea, lanaren banaketa, pentsio eta soldata duinak… baina horrekin guztiarekin, sinistuta ginela bagenuela nahiko indarrik presoen auziari ere gure denbora eta indarra eskaintzeko, langileok preso eta iheslariak etxera ekartzeko subjektuak baikara. 

Urriaz geroztik lan zentroetan eta otsailetik aurrera kaleetan ere, langileen sinadurak biltzen ari gara, presoen gaia lan munduan sartzen ahalegintzen ari gara, presoen gaia langileok langileekin partekatzen ari gara. Eta 2017ko maiatzaren 1ean, uste dugu presoen eta iheslarien gaiak ere present egon beharko lukeela kaleetan, armagabetzearen ondoren preso eta iheslarien auzia erresoluzioan ipini behar dugulako, garaiak eskatzen duelako, eta gure ustez, langileok – jendartearen gehiengoa – afera honetan ofentsibara pasa behar dugulako. Garaiak aurrera urratsa ematea, jarrera aktiboa hartzea eskatzen digu, finean borroka honetan ere subjektu aktiboak izatea. 

Estatuek kartzeletako giltzarrapoa badute ere, langileok gara gure aktibazioz eta mobilizazio sozialaz giltzarrapo hori IREKIko duen giltza. 

2017ko apirilaren 24a.

Gehiago