‘Altsasuko Auzia’: familion gogoetak
‘Altsasuko Auzian’ auziperatuak izan diren gazteen familiak barru-barruan sentitzen ari garena jendarte guztiarekin partekatu nahi dugu.
Antxon Ramiren de Alda. Altsasuko 11 gazte auziperatuen familien ordezkari.
2017-ko martxoak 7
Gertakariaz geroztik 140 egun pasa dira: Eguberriak ospatu ditugu; kinta eta kintoekin Santagedaz
disfrutatu dugu; eta, gure herriko iñauteri alaiak ere pasatu berri dira; baina ospakizun horietan
guztietan espetxean dauden gure semeen hutsunea izan dugu.
Naturaren zikloa aurrera doa, eta udaberria ate joka dabil. Iluntasunari, hotzari eta lozorroari
argitasuna, argia eta mugimendua ari zaizkie lekua hartzen. Udaberria gertu sentitzeak animua
goratzen digu, eta, normalena izaten da gizakiongan bizipoza piztea. Gure sentsazioak, ordea,
bestelakoak dira, mugatuak sentitzen gara bizitzea tokatu zaigun zigorrarengatik.
Zigor-mendeku hori jartzea erabaki dute gure herriarekin zerikusirik ez dutenek, hainbat interes
direla medio, gure egunerokoa ezagutzen ez dutenek aginduta. Jazotako gertakariak manipulatu
dituzte eta, horren ondorioz, abian zegoen ohiko inbestigazioa bestelakoa da orain: ezohikoa eta oso
larria.
Manipulatuak sentitzen gara, babesgabe eta minduta. Haserre, orkezkatzen gaituzten abokatuek
aurkeztutako helegiteei behin eta berriro ezetza ari digutelako ematen; eta, diskriminazio juridikoa
pairatzen ari garelako, pertsona boteredunen aldeko jarrera ikusi besterik ez dago.
Baina, ez dugu etsiko. Ozen-ozen esaten jarraitzen dugu Altsasukoa ez dela terrorismoa, beste
helburu batzuetarako erabiltzen ari diren kasua baizik. Oihan, Jokin eta Adur gure herrian egon
beharko lirateke, beren lagun eta familiekin eta ez espetxe urrun batean, zigor berezi batekin, eta
haien bizitza guztiz baldintzaturik.
Erasotuak izan zirenei buruz ezer esaten ez dugula dioetenei esan nahi diegu, lehenengo
momentutik deitoratu genuela gertakari batzuen ondorioz jazotakoa, oraindik epaiketa batean
argitzeke dagoena.
Argi izan dezagun, ordea, egindako manipulazioaren ondorioz beste eszenatoki batean gaudela
orain, eta sen oneko iritziak entzuteko zain gaudela, gure egoera latza bideratzen ahalbideratuko
luketen iritziak entzuteko gogoz.
Era berean, talde politikoengana ere zuzentzen gara eskari bat eginez, ausardiaz aritu daitezela, eta
ez dezatela euren ahulezia ezkutatu Estatuaren botere-bereizketari errespetua izatearen aitzakian.
Jasotzen ari garen babesa, elkartasuna eta laguntza indartzen dizkigute ideia hauek. Hala ere, jakitun
gara gurea ez dela kasu bakarra, hori dela eta, gure duintasunetik gure maitasuna bueltatzen
dizuegu.
Besarkada bero bat eta ia udaberri honetan loratzen ikusten dugun elkartasunaren lorategian
JUSTIZIA deritzon lore eder bat.