Emakumeen soldata %33,6 igo beharko litzateke gizonen soldatarekin parekatzeko

Emakume eta gizonen soldata berdintasunaren aldeko egunean LAB sindikatuak arlo honetan dagoen desorekarekin txosten bat osatu du. Emakume eta gizonen soldaten arteko arrakala honek 2009tik hona gora egiten jarraitzen duela etengabe Nafarroan, eta EAEn azken urteetan apur bat murriztu bada ere, oraindik ere esanguratsua izaten jarraitzen du.

2017-ko otsailak 21

Emakume eta gizonen soldaten arteko arrakala gaurko sistema kapitalista hetereopatriarkalak ezarri duen sexuen araberako lan banaketaren ondorioetako bat baino ez dela dio LABek osatu duen txosten honetan.

Aurreko urteko ekainean INEk kaleratutako azken datuetatik, 2014ko datuetatik alegia, hurrengoa ondoriozta daiteke: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, emakumeen urteko soldata gordina 7.489,45 euro gutxiagokoa izan zen, batez bestez, gizonezkoen urteko soldata gordinarekin alderatuz. Nafarroaren kasuan, emakumeek, batez bestez, 8.496,64 euro gutxiago jaso zuten gizonezkoekin alderatuz.

Hortaz, azken datuen arabera, Hego Euskal Herriko emakumeek, batez bestez, bere kide gizonezkoak baino 7.710 euro gutxiago irabazten dute. Beraz, emakumeen batez besteko soldatak %33,6a handitu beharko luke gizonezkoenarekin parekatzeko.

Soldatan ezberdintasunari prekarietatea eta ezegonkortasuna gehitu behar zaizkio

“Emakume eta gizonen soldaten arteko arrakala, gaurko sistema kapitalista hetereopatriarkalak ezarri duen sexuen araberako lan banaketaren ondorioetako bat baino ez da. Emakumeoi zaintza eta etxeko lanak egotzi izana, emakumeen lan merkaturatzea oztopatu, eta era berean lan merkatu horretan aitortza eta maila baxuagoko lanetara bideratu gaitu”, salatzen du LAB sindikatuak. Emakumeak lan merkatuan lan baldintza prekarioenak eta ezegonkortasuna pairatzen dutenak direla salatu du sindikatuak, eta hainbat datu destakatu ditu soldata ezberdintasunarena emakumeek lan munduan jasaten duten diskriminazio bakarra ez dela frogatzeko: lanaldi partzialen % 78,3a emakumeek betetzen dute, eta euren behin behinekotasun tasa %26,7koa da gizonezkoena % 21ekoa denean.

Datuak erakusten duten moduan, emakumeak lan merkatura sartu izanak ez du ekarri zaintza lanen banaketa erantzunkide batetik, ezta lan merkatuan lan baldintzen parekatzea.

“Emakumeon lan baldintzak prekarioagoak izatea, gizonezkoek baino gutxiago kobratzeak, gure burujabetza ekonomikoa mugatu eta menpekoak bihurtzen gaitu, gure bizi baldintzetan eraginez. Egun pairatzen ditugun diskriminazio egoera hauek gainera, eragin eta ondorio kaltegarriak eragiten dituzte gure etorkizuneko erretiro zein langabeziako prestazioei”, azpimarratu du LABek.

Diskriminazioarekin amaitzeko, politika feministetara jauzia

LABen ustetan, txosten honetan agerian gelditzen dira orain arteko berdintasun politiken “porrota” zein diskriminazioa gainditzeko dagoen “borondate politiko eskasa”.

“Bada garaia sistema kapitalista hetereopatriarkalaren logikaren baitan kokatzen diren berdintasun lege, politika eta neurrietatik benetako politika feminista ausartetara jauzia emateko”, dio LABek. Egungo sistemak “ezarritako sexuen araberako lan banaketan eta gizon eta emakumeen arteko hierarkia” harremanetan oinarritzen den jendarte zein lan harreman eredutik, emakume eta gizonen arteko harreman “justu eta parekidetan zein lanaren aitortza integrala” oinarri izango duen lan harreman eredu berrira trantsizioa egitea ahalbideratuko duten politika feministak proposatzen ditu LABek. “Ausardia eta borondate politikoa” eskatzen die sindikatuak instituzio, botere publiko zein agintari politikoei egoera honekin amaitzeko.

Gehiago