Sabotaiak eta kontrol zorrotz poliziala euskal preso politikoen senideen aurka asteburu honetan
Granadara zihoan Mirentxineko furgonetak sabotaia jasan du, eta Huelvakoak Guardia Zibilaren kontrol zorrotza jasan du gaur goizaldean.
2016-ko abenduak 18
Granadan preso diren euskal preso politikoen senideen Mirentxin furgonetak sabotaia jasan du senideak bisitan zirela. Bisitatik ateratzerakoan espetxeko esparru barruan zegoen furgonetako gurpilak zulatuak topatu dituzte. Esparru hau Guardia Zibilarengatik zainduta egoten dela azpimarratu du Etxerat elkarteak. Furgonetan bidaiatu duten senideek ez dute baztertzen gertatutakoarengatik salaketa jartzea.
Bestalde, Huelvara zihoan furgonetak Guardia Zibilaren kontrol zorrotza pairatu zuen atzo. Ibilgailua, Guardia Zibilaren patruila bat zegoen gasolindegi batean geratu zen, eta ondoren, senideek bideari berriz ekin dionean, patruila bera errepidean gurutzatu zitzaien, gelditzera behartuz. Hainbat minutuz, bertan bidaiatzen zuten 5 senideak eta bi gidariak ibilgailuaren barnean geratu behar izan zuten. Ondoren, beste patruila bat iritsi eta katxeo zorrotz bat praktikatu zien, bai pertsonei zein bakoitzak zeramatzan gauzei. Ordu eta erdi iraun zuen kontrolak.
Senideen artean “ezinegona eta beldurra sortzea beste helbururik ez duten gertaera” hauek salatu ditu Etxeratek, eta azken asteetan areagotzen ari direla ere gehitu du elkarteak. “Bidai inposatuak zailtzeaz gain, errepideko arriskuak areagotzen ditu honek, urduritasun eta tentsio baldintzetan egitera behartzen dutelako”, esan du Etxeratek.