Eztabaidetan sakondu eta proiektuak findu dituzte ‘Gazteraiki’ topaketen bigarren egunean

Goizean goizetik bete dituzte Barañaingo kale eta eztabaidaguneak ehunka gaztek. Hamabi ildotan banatuta eztabaidetan murgilduta pasatu dute eguna. Proiektuak igandean aurkeztuko dituzte.

2016-ko abenduak 11

Giro onean iragan da Gazteraiki topaketetako bigarren eguna: eztabaidetan sakondu eta proiektuak fintzeko unea. Lo-lekuetako freskuratik ihes eginez goizean goizik jaiki dira gazteak, eta gosarian indarrak hartu ondotik, 10:00etarako zeuden eztabaidaguneetan, norbera bere ildoan. Ostiralean etorri ezin izan zuten beste gazte ugari elkartu zaizkie eztabaidetara, eta bezperakoari jarraipena emanez, autogestio proiektuak eraikitzen segi dute lantaldeetan.

Askotarikoak izan dira aipatu dituzten gaiak. Etxebizitzaren lantaldean, emantzipazio bulegoak eta borrokak saretzeko webgune bat; elikaduran, nekazari gazteen gida; komunikazioan, Topaturen eraberritzea eta Gazte Telebista… Proiektu guzti horiek igande goizean aurkeztuko dituzte, topaketetako azken asanbladan.

Jaia eta borroka, lotuta

Guztia ez da izan eztabaida, ordea. Feminismoko lantaldekoek, esaterako, ekintza bat egin dute eguerdian Barañaingo plazan: aldarrikapenak janzteko dantza batzuk egin dituzte, giro ederrean. Bazkaria ere izan da alternatibetarako espazio: bertako produktuekin prestaturiko plater goxoak jan dituzte gazteek arratsaldeko eztabaidetara indarberriturik joateko.

Iluntzean kulturak eta sorkuntzak hartu diete lekukoa alternatiben kateari: Urko Milagroren kontzertuak alaitu du Barañaingo gaztetxea, eta Akort, Perlak, Tremenda Jauria eta DJ Reimy-k goizaldera arte luzatu dute jaia.

Gehiago