Leitzako herritar eta herri mugimenduak Altsasu babesteko deia egin dute
Gaur burrunba eginen dute gaueko 22etan eta larunbateko manifestaziora joateko deia zabaldu dute.
2016-ko azaroak 24
Altsasuko auzia “zirko polizial-mediatikoa” dela salatu eta “edonor eta edozeren gainetik Espainiaren batasun nazionala mantentzea kosta ala kosta” dela lehentasuna azpimarratu dute Leitzako hamaika eragile eta bere sinadura eman duten 150 herritarrek ohar batean.
Ospa mugimendua eta desmilitarizazioaren aldarrikapena “kriminalizatzea” helburuarekin egindako muntai bat izan dela salatu dute “herri mugimenduak kikiltzeko eta ildo errepresiboan urrats kualitatibo bat” emateko.
Panorama honetan Leitzaldea ere komunikabideen lehen orrietara egon dela ohartu dira. “Eskualdeko errealitatea distortsionatu eta orubea eraikitzen hasia da etsaia Leitzaldean ere antzeko gertaerei bide emateko. Gaur inoiz baina posibleagoa da gurean horrelakorik gertatzea. Ez du zertan taberna bateko liskarra izan, egoera ezberdinetan gerta daiteke: mobilizazioetan, kartelak jartzean, kontrol batean… aste honetan bertan jasan ditugu probokazioak militarren bisitarekin edota ondoren Leitzaldeako Ernairen facebook orrialdean Maxurrenean okupa dagoen guardia zibil baten eskutik”, erran dute.
Eskualdean isunen arazoa oso haundia dela gogoratu dute. “Bizpahiru urte badira zorretan ito nahi izan gintuztela baina isunak ez dira iraganeko kontua. Aste honetan bertan 10 isun ezarri dizkigute gure eskubide zibil eta politikoen jabe egin nahi izateagatik. Inpunitateak babestuta mobilizazioetan parte hartu ez duen jendea ere isundua izan da, inpunitateak aste honetan zazpi preso politiko berri eta mila euro baina gehiagoren aurpegia darama”, salatu dute.
“Honekin amaitzea guztioi dagokigu. Injustizien aurrean erantzuteko eskubidea, ardura bilakatzen dela uste dugulako baina batez ere etsaiaren asmoei aurre hartu eta etor litekeena indargabetzeko herri erantzuna eraikitzen hasi behar gara”, gehitu dute.