Ostegun honetan Leioan eginen den manifestazioan parte hartzeko deia egin du Iruñerriko ikasle mugimenduak

Autobus bat abiatuko da EHUko errektoradutza hauteskundeen harira eginen den ikasle manifestazioan parte hartzeko. Protestaren arrazoiak egungo hezkuntzaren eredua, tasak eta euskararen presentzia eskasa dira.

2016-ko azaroak 22

Azaroaren 24ko EHUko errektoradutza hauteskundeen harira, Iruñerriko gazte eta ikasleek mobilizazioan parte hartzeko deialdia egitearekin batera, Leioara joateko autobusa eskainiko dute.

“Elkartasun eta babes eskaintzak batzen gaitu mobilizazioan parte hartzeko. EHUko ikasleei modu zuzenean eragiten dizkieten zapalkuntzek, EHko mugimenduen arteko elkar saretze eta babesaren bitartez gainditu beharko ditugu eta gazte langile guztiok zapalkuntza mota ezberdinei” aurre egin behar dela aldarrikatu dute.

Egungo unibertsitateak “birproduzitzen duen eredu kapitalista-hetaropatriarkalarekin hausteko hautua” egiten du Iruñerriko gazte eta ikasle mugimenduak. “Eredu bat zeinetan jakintza merkatuaren mesedetara jartzen den, ezartzen diren tasa altuak direla eta askori unibertsitatean ikasteko aukera ukatuz”. Honekin batera, EHko ikasguneetan euskaraz ikasteko eskubidea ere aldarrikatu nahi dute.

“Euskal langile herriaren mesedetara egonen den hezkuntza ez merkantilizatua eraiki arte, jarraituko dugu lanean”, ziurtatu dute, eta ostegun honetan Leioako unibertsitatean eginen den manifestazioan parte hartzeko deialdia zabaltzeaz aparte, autobus bat abiatuko da Iruñetik goizeko 09:30etan. Sarrerak Iruñeako Herriko Tabernan daude salgai.

Gehiago