Abenduaren 3an gaztetxe eta gune autogestionatuen aldeko mobilizazioa egingo dute Iruñean

Udaletxeari exijitu diote "zabaldutako bertsio faltsua" atzera botatzeko. Mobilizazioaren bezperan Alde Zaharreko gazte mugimenduaren proiektua ezagutarazteko deia egin dute.

2016-ko azaroak 21

Alde Zaharreko Gaztetxearen hustutzea baino lehen Udalarekin izandako prozesuan gertatutakoari buruzko “hainbat kontakizun faltsu” zabaldu direla salatzeko eta euren bertsioa emateko helburuarekin, gaztetxeko kideak gaur prentsaurreko bat eskeini dute eta abenduaren 3an eginen den manifestazioaren berri eman dute.

Gogoratu dute onartu zutela urtarrilean Konpainia 3ko gaztetxetik Kaparroso Txaletera lekualdatzea, eta Udalak urtebeteko erabilerarako lagapena proposatu zuen, ondoren lehiaketa publikora ateratzeko, eta eraikina gazteek era autogestionatuan erabiltzeko udal-ekipamendu bat izan zedin.

“Hasieratik epeak aldakorrak izanik eta horiek betetzen ez zirenez, horrek deskonfiantza-giroa sortu eta prozesuari buruzko zalantzak areagotu zituen”, adierazi dute gazteek.

Gune horren erabilera-lagapena emateko bi betebehar zeuden: batetik, erabilera-lagapen kontratua, eta bestetik, Udalak eraikin berrira joan aurretik egin beharreko obren lizentzia, gunea aipatutako lagapen publikora egokitzeko, ziurtatu dute gaztetxeko kideek. “Negoziaketa horien baitan, abokatu batek lagundurik, bi proposamen luzatu genizkion Udalari: alde batetik, EHko zenbait Gaztetxeren esperientziatan oinarritutako hainbat lagapen-kontratu; eta bestetik, gure proiekturari eta eman nahi zioten erabilerari egokituko zitzaion obra-proiektua. Udalak bi proposamenak atzera bota zituen. Bata udal-ekipamendura egokitzen ez zelako, eta bestea, udal-legedia betetzen ez zuelako eta egokitzapen-obren dimentsioagatik”, diote gazteek.

Ekainaren 18an, Gaztetxeko Asanblada Kaparrosoko Txaletera lekualdatzea erabaki zen eta proiektuak aurrera jarraitzeko udan zehar eraikina egokitzen hasi ziren. Gazteek ziurtatzen dute “ez zela eraikinaren egiturari dagokion osagairik bota, eraikinak egitura perimetrala baitu eta Udalarekin diseinaturiko proiektua jarraitu zutela “gainbegiratze teknikopean”. “Eraikinaren ezegonkortasuna ez dute egindako obrek eragin, baizik eta eraikinak ez zuelako beharrezko eta berezko ezaugarririk, eman nahi zitzaion egoera berrira egokitzeko”. Azpimarratu nahi izan dute gaztetxeko egokitzapena egiteko “beharrezko neurriak hartu” zirela eta “arduraz” jokatu zutela.

Pasa den astean GeroaBaik hitzarmena eteteko mozioa aurkeztu zuen, eraikinaren ezegonkortasunagatik eta kontratua ez betetzeagatik, berau ixtea eskatuz, eta UPNren eta PSNren botoekin batera mozioa onartu zen, eta hurrengo egunean “asanbladari aurre-abisurik eman gabe”, udaltzaingoa bidali zuten Gaztetxeko zerraila aldatzera, “hiri honek ezagutu duen desalojorik isilena eraginez”.
“Horrela, etenik gelditzen da aspalditik gauzatzeke zegoen gazte eta herri mugimenduetatik abiatutako proiektua”, salatu dute.

“Ez al da legezkoa eraldaketa sozialaren alde lan egiten duten kolektibo eta pertsonen auto-antolaketa, paralisiaren eta instituzioekin emandako komunikazioaren aurrean, edozein izanik ere azken horien kolorea? Are gehiago: mugatu al daitezke mundu legal hau modu erradikalalean eraldatzeari lotutako prozesu autogestionatuak, legeak herriaren zerbitzura ez dauden arren?”, galdetu dute gazteek.

Gaztetxearen proiektua auzoaren eraldaketa sozialaren alde ari dela lanean gogoratuz, Udalari exijitu diote “gertaerei buruzko haien bertsio faltsua” atzera botatzea, eta bi ekimen deitu dituzte: abenduaren 2an Alde Zaharreko gazte mugimenduaren proiektua ezagutzeko hitzordua eta abenduaren 3an gaztetxe eta gune autogestionatuen alde mobilizazioa deitu dituzte.

Gehiago