Udalak ferietako liskarreko auzia Nafarroan instruitzea eskatu du

Udalaren adierazpena Geroa Baik, EH Bilduk, PSNk eta Goazen Altsasuk sinatu dute. UPNk ez.

2016-ko azaroak 14

Guardia Civilak egin duen sarekadaren ondoren Altsasuko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak instituzio adierazpena onartu du gaur. Lehenik eta behin, Altsasuko Udalak “harridura” azaldu du “haiek inolako notifikaziorik jaso gabe, herritarren izen-abizenak estatuko hedabideetan argitaratu dituztelako, haietako batzuk adin txikikoak izanik gainera”. Horrekin batera, atxilotutakoen gurasoek adierazi dutenez, “defentsarik gabe, babes gabe eta seme-alaben etorkizunagatik oso kezkatuta daude, gertakariak puztu egin direlako eta neurrigabeko zigorrak jaso ditzaketelako, Espainiako Auzitegi Nazionalen terrorismo salaketa izatean”.

Aldi berean, Altsasuko Udalak “Nafarroako erakundeei (gobernua, legegilea eta epaitegiak) babesa” eskatu die gertakariak Iruñeko 3. zenbakidun Instrukzio Epaitegian epaitu daitezen. “Han hasi zen instrukzioa eta han dago Foruzaingoaren txostena, bera izan baitzen auziaren ardura hartu zuena eta auzian eskuduna dela uste dugu”. Azkenik, Altsasuko Udalak “elkartasuna” adierazi die “inoiz gertatu behar ez zuten gertakari batzuen ondoren eragina pairatu duten pertsona guztiei. Eta, bide batez, Altsasuko herriari gertaeren aurrean izandako jarrera eskertu nahi diogu”.

Gehiago