Abian da Inurritegia prozesua, Ernairen antolaketa birpentsatu eta gazteria garaipenera bidean jartzeko
400 gazte bildu dira Gernika-Lumoko Astra gune autogestionatuan Ernairen II. Kongresu prozesuari hasiera emateko. Apirilera bitarte gazte estrategiaren berregokitzeaz, ABIANen ondorioen inplementazioaz eta antolakuntza eta funtzionamenduaz eztabaidatuko dute.
2016-ko urriak 30
Gernika-Lumoko Astra gune autogestionatua leporaino beteta eman diote hasiera Ernairen II.Kongresu prozesuari: Inurritegiari. Txinaurri lana oinarritzat hartuta, hain zuzen, gazte estrategiaren berregokitzeaz, ezker abertzalearen ABIAN eztabaidaren ondorioen inplementazioaz eta Ernairen antolakuntza zein funtzionamenduaz eztabaidatuko dute gaurtik hasita apirilera bitarte, “egunez egun, umiltasun osoz, kolektiboki, aktiboki, errebeldiaz”.
Lau urte dira jada Zukgua prozesuaren ondotik Ernai gazte antolakundea hutsetik abiatu zutenetik. Urte horietan “gazte boterearen eraikuntzan, aktibazio-saretze lanetan murgildurik” ibili dira Hego Euskal Herriko gazte sozialista, euskaldun eta feministak. Orain lan horretan sakondu eta antolaketa birpentsatuko dute, lana eraginkortu eta garaipenera bidean jartzeko.
Bideo baten bidez aurkeztu dute kongresu prozesua Astran, inurritegi bat irudikatuz. Bertan, Ernairen lau urteko ibilbidea errepasatu, gaur egungo egoerari kritika egin eta Ernaiko bozeramaileek “erresistentziatik eraikuntzara” pasatzeko dei egin diote “garaipenaren belaunaldiari”.
Prozesuaren faseak
Gaurtik hasita apirilera bitarte egingo dute kongresu prozesua. Lehenengo fasean ekarpenak jaso eta ponentziak osatuko dituzte (urritik urtarrilera), bigarrenean horiek eztabaidatu eta bozkatuko dituzte (urtarriletik martxora), eta apirilean emango diote bukaera prozesuari, kongresuarekin. Ernaiko militante izan zein ez, edonori luzatu diote parte hartzeko deia.