Giza eskubideen behatoki bat sortzea proposatu du Sarek Hego Euskal Herriko parlamentuetan
Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari egin die eskaera, giza eskubideen "urraketa modu ahalik eta objektiboenean" aztertzeko. Europatik datorren legedia ez dela errespetatzen salatu du, eta gogorarazi du 10 "lagun preso eta gaixo" daudela. Jendartearen inplikazioa garrantzitsua dela uste du.
2016-ko uztailak 29
Sarek giza eskubideen behatoki bat sortzea proposatu die bai Eusko Jaurlaritzari bai Nafarroako Gobernuari. Formatua zein den aztertu beharko litzatekeela azaldu dute eta, horren arabera, balizko behatoki horretan parte hartzeko prest egongo direla ziurtatu dute. “Ez dugu inolako protagonismorik nahi; gertatzen ari dena modu ahalik eta objektiboenean aztertzea nahi dugu”. Behatokian hainbat alorretako profesionalek parte hartu dezaketela proposatu dute; besteak beste, legelariak, medikuak eta heziketa alorrekoak, presoek ikasketak egiteko duten eskubidea aztertzeko.
Espetxe egoerak txarrera egin duela azaldu du Sarek, eta kritikatu du dispertsioak indarrean jarraitzen duela. 10 “lagun preso eta gaixorik” daudela gogorarazi du. Europatik datorren legedia ez dela errespetatzen salatu du, hala izatekotan “zazpi lagun kanpoan egon behar direlako”. Epaile batzuen aldetik giza eskubideak errespetatzeko apusturik ez dagoela uste du.
Jendartearen inplikazioa garrantzitsutzat jo du. Nazio mailako manifestazioa egingo du Sarek, irailaren 24ean, Donostian. Espainiako eta Frantziako espetxeetan gaixorik dauden euskal presoak aske uzteko eskatuko dute. Bulebarretik abiatuko da, 17:00etan.