Izaskun Lesaka eta Joseba Iturbide euskal preso politikoek gose greba amaitutzat eman dute

Poitiersen preso den Izaskun Lesaka presoaren senideek eta Fleuryn den Joseba Iturbide presoaren senideek Etxerati jakinarazi diote uztailaren 4ean eta ekainaren 28an, hurrenez hurren, hasi zuten gose greba amaitutzat eman dutela.

2016-ko uztailak 18

Joseba Iturbide Otxotekok gose greba hasi zuen ekainaren 28an. Izaskun Lesaka Arguelles, bere borondatez sartu zen mitard-ean (zigor ziegan) joan den ekainaren 15ean, eta uztailaren 4an gose grebari ekin zion.

Bi presondegi ezberdinetan preso egonda, eskubidez dagozkien bisitak galarazten zaizkie, eta euren komunikazioa gutunen bidalketara murrizten da. Abiatu zituzten protestek senar-emazteek kartzela berean egotea aldarrikatzea zuten helburu.

Lesakak zein Iturbidek, behin baino gehiagotan azaldu diete euren egoera Frantziako kartzela agintariei. Irtenbiderik gabe bi urte igaro ostean, bi presoek beste pauso bat ematea erabaki zuten euren eskubideak aldarrikatzeko.

Etxeraten esanetan, bizitza eskubidea urratzen duten horrelako egoerak areagotzen dituela dispertsio politikak. “Ez bakarrik bikotearen erlazioan, zeina muturreraino baldintzatzen du, baizik eta bi presoen senide eta lagunei dagokienean ere. Haien esfortzu ekonomiko eta fisikoak bikoiztu behar dituztelako presoak bisitatzeko, eta honekin batera derrigortutako desplazamenduen arriskua ere biderkatzen delako”.

Esan bezala, bi euskal preso nafarrek bertan behera utzi dute gose greba.

Gehiago