Mozal legeak. Urteurren isildua.
Datorrenuztailaren 1ean, urteurren tristea beteko da. Urtebete izango da Espainiako Gobernuak, “aholkulari ezezagunen eskutik, zigor legedi penagarria sortu zuenetik”. Gainera,“XX. mendeko iturri txarrenetatik edaten duten proposamenekin eta korronte autoritarioenetatik eta atzerakoienetatik dator”.
Aitor Gutierrez, Maider Caminos, Haizea Nuñez eta Aitor Korres mobilizazioen antolatzaileen izenean.
2016-ko ekainak 27
Ez dira gure hitzak, Espainiako estatuko 35 unibertsitateko Zigor Zuzenbide arloko 70
katedradunenak baizik. Tradizioz kontserbakorra izan den eremu akademiko horretatik dator
Gobernuaren zigor-arloko erreformaren aurkako testua. Irmoki aipatzen zuten: “errotik eta
salbuespenik gabe, Segurtasun Pribatuaren Legea, Herritarren Segurtasuna Babesteko Legea
eta Zigor-arloko erreformak bertan behera uzteko beharra dago”.
Mozal Legearekin –Herritarren Segurtasuna Babesteko Legea–, poliziari oraindik ere botere
gehiago eman zaio, akusatzaile eta epaile papera haren esku utziz. Hori nahikoa ez eta
izugarri biderkatu dira aurretik ezarrita zeuden lege-urraketengatik jarritako isunen
zenbatekoak. Lege-hauste berriak sortu eta gehitu dira, kasualitatez, eragile sozialen protesta
molde berrien neurrira prestatutakoak; horiei, gainera, neurririk gabeko zigor ekonomikoak
lotu zaizkie (etxe kaleratze edota atxiloketen aurkako mobilizazioak, instituzioen aurrean
egindako mobilizazioak, autoritateei zuzendutako kritikak, polizien jardueren grabaketen
emisioak zigortzen dituztenak…). Instituzioak, agintaritza publikoak zein polizia blindatu egin
dira, kritika eta desadostasun sozialaren aurrean. Eta askoz ere gehiago.
Zigor Kodearen erreformarekin, bizi osorako kartzela-zigorra inposatu da, zigorra
“delinkuente” edo “gaizkilearen” araberakoa egin da eta ez delituaren araberakoa.Teorikoki
borroka armatuaren aurka hamarkadetan garatu den salbuespen legedia egonkortu egin da,
borroka molde hori desagertu bada ere. Jihadismoaren aurkako gerraren izenean, berme
juridikorik gabeko antiterrorismoaren atala puztu da. Zirrikitu horretatik, disidentzia
politikoari, pobreziari eta migrazioei zigor zorrotzagoak jartzea justifikatu da. Adibidez,
desordena publikoengatik gehienezko zigorra 3 urtetatik 6 urtera igo da, edozein ebasketa edo
argia “pintxatzea” delitu bihurtu dute eta migratzaile pobreak –aberatsak beti aberats–
kanporatzeko erraztasunak jarri dituzte. Eta askoz ere gehiago.
Zerrenda luzeegia da artikulu bakar batean osoki jorratzeko. Segurtasun Pribatuaren
Legearekin, aurrekoak baino hilabete batzuk lehenago indarrean sartu zena, segurtasun
eskubidearen pribatizazioa eta espazio publikoaren militarizazioa garaile atera dira. Polizia
autonomikoak, foralak zein udaltzaingoak militarizazio prozesu sakonak bizi dituzte. Herri eta
hirien ordenantza zibikoek espazio publikoaren erabilera murriztu egiten dute, sarekadak eta
zigorrak zenbait txiolariren kontra bideratu dituzte…
Itxuraz independenteak diren arma juridiko horiek sistema oso baten parte besterik ez dira:
salbuespen politika iraunkorra da. Hau da, demokraziaren teorian salbuespen-egoeraren
aurreko erantzun gisa prestatzen dena, denboran mugatua eta zehazki araututako oinarrizko
eskubideen etenaldia izan beharko lukeena, arau bihurtu da, ohiko, gure eguneroko
errealitatean.
Politika horiek sostengatzen dituen zuzenbideari, urte bat beteko duten lege hauei bezalaxe,
etsaiaren zigor zuzenbidea deitu izan diote. Eta nortzuk gara etsaia? Ordenamendu sozial hau
kritikatu eta desadostasuna adierazten dugunok bihurtzen gaituzte etsai, sistema honek
prekarizatutakoak eta txirotuak gara etsaiak.
Etsaiaren zigor zuzenbidea lagunaren zigor zuzenbidearekin batera dator beti, txanpon anker
beraren beste aldea baita: zerga-ihesak, delitu izateko, 120.000€tik gorakoa izan behar du;
supermerkatuan lapurtzea edo pobrezia energetikoari aurre egiteko argia “pintxatxea”, berriz,
lehenengo eurotik da delitu.
Disidentzia eskubidea berreskuratu beharra dugu. Horregatik, amaitu berri diren
hauteskundeen ondotik osatuko den estatuko Gobernuari, hori edozein dela ere, exijitzen
diogu aipatu legeak indargabetu ditzala. Bien bitartean, euskal erakundeei, ez ditzatela
aplikatu. Izaten ari da mugimendurik bide horretan. Iragan astean konpromiso hori adostu
zuen Gasteizko Legebiltzarrak. Pozten gara hartutako erabakiaz, eta hurbiletik jarraituko dugu
errespeta dadin. Hori bai, modu kontsekuentean joka dezala ere aldarrikatzen dugu, kasurako,
martxoaren 31ra arte Ertzaintzak Mozal Legearen bidez jarritako 3.959 isunak bertan behera
utziz. Duela zenbait aste, informatzeagatik isuna jaso zuen Ahotsa komunikabideak eskaera
berbera egin zuen Nafarroako Legebiltzarrean. Eta Udaletxeei ere zuzentzen gatzaizkio, ez
baitira gutxi Mozal Legea aplikatu edo aplikatzearekin mehatxu egin duten udaltzaingoak.
Baina ondotxo dakigu, beste inori exijentziak eta konpromiso eskaerak egitetik harago, ardura
nagusia geurea dela, herritar xume eta arruntona, behetik gora eragiten dugunona. Gure
presioak eta erabakitasunak soilik ahalbidetu dezakete disidentziarako, protestarako eta
bestelako errealitateak eraikitzeko eskubideak berreskuratzea. Uztailaren 1a alferrik pasatzen
utzi behar ez dugun aukera da: Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan legedi antisozial honi
guztiok batera planto egiteko antolatu diren ekimenetan parte hartzeko deia egin nahi dugu.
Lau hiriburuetan ekimen ezberdinak garatuko ditugu, baina oinarri berarekin: Mozal Legeei
Ez. Lege injustuak desobeditu.