Zergatik filosofia ere
Azken asteetan LOMCE-HEZIBERRI lege eta dekretuen kaltea modu masiboan zabaltzen ari zaigu ikastetxeetan. Nahiz eta fokoa, bereziki, rezentralizazioan eta rebalidetan jarri , azken egunotan, filosofia irakasle, ikasle eta orohar ikasgaiaren egoerak, ikuspegia zabaldu eta hezkuntzaren funtzioan, xedeetan, jarri du argia.
Ruben Iglesias. LAB Irakaskuntza.
2016-ko ekainak 23
Eta LABek bat egiten du
irakurketa horiekin. Bere garaian salatu genuen bezala HEZIBERRIk LOMCEren neurri
gogorrenak barneratzeaz gain, ikuspegia bera barneratu du. Hautu tekniko-zientifikoa egin,
ikuspegi neoliberalean sakondu, eta pertsonaren garapen integralean ezinbestekoak diren
ikuspegi artistiko, humanistikoa bigarren edota hirugarren maila batera baztertuz. “Homo
roboticus vs sapere aude” filosofiako bi irakaslek zioten moduan.
Bide horretan, LABek bat egiten du azken asteetan filosofiako irakasleek eta ikasleek
egindako aldarriekin, guk ere filosofiaren beharra aldarrikatzen dugu. Izan ere, filosofiak
gure herrian tradizio luzea daukan jakintza eremua da. J.M Barandianek, euskal kulturaren
definizioan, planteaturiko funtsezko zazpi galderetatik bati heltzen dio zuzenean : Nor naiz
ni, zer da gizakia, zein da bere xedea?
Galdera hori hamaika modutan formulatu da leku eta garai ezberdinetan, eta hamaika dira,
halaber, emandako erantzunak. Historian zehar erantzun asko erlijiosoak izan dira eta
erlijioso horien artean ere ikuspegi ezberdinak egon dira; beste ikuspegi batzuk, aldiz,
agnostikoak edo ateoak izan dira.
Euskal Herrian kosmobisio, kultura eta mitologia propio bat izan dugu eta egun horren
arrastoak nabariak dira. Euskal Herrian, Nor naiz ni, zer da gizakia, zein da bere xedea?
Galderari erantzun propioak eman zaizkio eta beharrezkoa da horiek ezagutzea.
Alta, Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistemetan eta ondorioz gure inguruan ere
,Filosofiari eta oro har artea eta humanitateei ez zaio aitortzen behar bezalako garrantzia
eta ez dira behar bezala lantzen derrigorrezko eskolaldian . Aldiz, gure ustez Filosofia
derrigorrezko eskolaldian eman beharreko jakintza arlo garrantzitsua izan beharko luke, ez
soilik 14 eta 16 urte bitarteko gazteentzat, baita haurrentzat ere, eta nola ez batxilergoan.
Haurrentzako filosofiaren onurak azpimarratu egin dituzte hainbat autorek, besteak- beste
Lipman eta Sharp-ek, eta munduko hezkuntza sistema batzuetan integratuta dute.
Aitzitik, jakin badakigu ere, atzera bueltatzea ,LOEra bueltatzea ez dela irtenbidea.
LABetik argi dugu jadanik iruten ari garen hezkuntza propio horri filosofiak ere bere
ekarpena egin behar diola. Egun lantzen den ikuspegia, gaitegia irauli eta ikasleen eta
Euskal Herriaren behar izanetara egokitutako irakasgaia izan behar du. Norbanako zein
herri gisa ditugun erronkei modu eraginkorrean erantzuten lagundu eta pentsamendu eta
eredu propioa garatzeko ezinbesteko zurtoina izan behar du. Izan ere, zerbait baldin bada,
filosofia ekintza da eta ekintza filosofia. Ekintza filosofiarik gabe arma hilgarria baita, eta
filosofia ekintza gabe alferrikakoa.
Eta LAB ere txip horretan dago. Akziora pasa eta sinergia berriak eraikiz nahi eta behar
dugun hezkuntza propioa iruten. Tresnak sortu eta errealitatea eraldatzeko palankak
langileon eskura jarriz. Iruten dinamikak eta filosofiak saretuko gaituen ehun kolektiboak
jendarte duin baterantz joateko indarra emango digulako. Iruteneko
blogean(www.iruten.eus) LABen alternatiba aurkitu daiteke.