Asiron: “Beharrezkoa da neurri errebeldeak hartzea inposatu nahi diguten Europa horren aurka”
Austeritate politikei nola aurre egin aztertzeko Europako hautetsiak bildu dituen jardunaldietan parte hartu du Iruñeko alkateak, Europako Parlamentuan
2016-ko apirilak 7
Tokiko erakundeen autonomia eta eskumenak indartzea aldarrikatu du Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta, adi berean, “neurri erebeldeak” ezartzea “inposatu nahi diguten Europa horren aurka”. Austeritate politiken ondorioei nola aurre egin aztertzeko Europa osoko tokiko hautetsiak bildu dituen jardunaldietan parte hartu du Asironekm gaur arratsaldean, Europako Parlamentuan, Bruselan. GUE/NGL ezkerreko talde parlamentarioak antolatuta egin dira jardunaldi horiek. “Bestelako Europaren etorkizuna tokiko erakundeetan dago eta, horretarako, erakunde horiek babes sozial zabala behar dute eta, aldi berean, mugimendu sozial indartsu eta aktiboak, horiek izango direlako aldaketa lideratuko dutenak”, azpimarratu du.
Iruñeko alkateak salatu du azken urteetan sistema publikoaren narriatzea gertatu dela Europan, Espainiako estatuan eta baita ere maila lokalean. “AEBn eta Europan ondasunak alor publikotik pribatura transferitzeko prozesua gertatzen ari da. ‘Erreforma’-ren izenean, historiako lapurretarik handiena egiten ari dira: prozesu publikoen pribatizazioa, zerga politika atzerakoiak, enpresa publikoen salmenta, etab.”. Era berean, enplegua ere erasoak pairatzen ari dela salatu du, eta “herritarren zati handi baten prekaritatea haztea eta langileen eskubideak murriztea helburu duten” inposatutako lan erreformak ekarri ditu gogora.
Tokiko erakundeei eskumenak kentzeko Europatik eta Espainiako estatutik datorren birzentralizazio prozesuaren aurrean, tokiko erakundeek eta herrigintzatik eskumenak berreskuratzearen aldeko apustua egin du Asironek. “Baina, batez ere, herritarrak lehenetsiko dituzten neurri errebeldeak ezarri behar ditugu, austeritate politiken ondorioei aurre egiteko. Funtzio publikoa hondatzeko dagoen joerari horrela egin behar diogu aurre”.
Austeritate politiken ondorioei aurre egiteko Iruñeko Udaletik ezarri diren neurrien artean, Asironek aipatu ditu: “udalaren, eragile sozialen eta dendarien eta enpresarien artean indarrean jarri den pobreziaren aurkako foroa; udalaren etxebizitza parkea berritzeko ezarritako programa; Iruñea etxegabetzeetatik libre dagoen hiria izendatzea eta etxegabetzeak ez gertatzeko finantza erakundeekin Udaletik egindako harremanak; gastu publikoa %11 haztea; udalarekin lanean ari diren enpresek konpromiso sozialak eta ingurumena errespetatzen dutela ziurtatzeko, kontratazio publikoetan klausula sozialak ezartzea; eta zerga sistema progresiboa ezartzea, gehien dutenek zerga gehiago ordain dezaten.