Euskal preso eta iheslarien eskubideen defentsan Beriainera mendi martxa

Sarek deituta Txindokira, Gorbeiara, Anbotora eta Beriairena igo dira hainbat herritar, sakabanaketa amaitzea eskatzeko. Bestetik, maiatzaren 14an eta 15ean herriz herri ekimenak iragarri ditu Sarek.

2016-ko apirilak 4

Sare Herritarrak martxan du euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko trena. «Bakearen eta konponbidearen alde», eta giza eskubideen alde. Eta finkatu dute hurrengo geltokia asteburu honetako mendi martxak egin eta gero: maiatzaren 14an eta 15ean, norberaren herrian edo auzoan. «Ideologia askotako pertsonak biltzeko ekitaldiak izango dira», Sareko Idoia Iberok azaldu duenez, hango eta hemengo geltoki eta plazetan. Kalera ateratzeko deia egin diete herritarrei, maiatzeko mobilizazioa «mugarri» izatea nahi baitute sakabanaketa, gaitz larriak dituzten presoen egoera eta «salbuespen legeak» gainditzeko bidean.

Egoera horiek bukatzeko garaia badela nabarmendu du Iberok: «Elkarbizitza nagusi izango den herri batera pausoak ematen jarraitu behar dugu». Horretarako, gatazkaren ondorioak konpondu beharra aipatu du Sareko kideak; hau da, «bortizkeriaren biktimen errespetua eta babesa» ziurtatzea, eta Espainian eta Frantzian preso dituzten pertsonen egoera konpontzea. «Egoera hori mantentzen den artean, zoritxarrez, gatazkak bizirik iraungo du, eta gure seme-alabei etorkizun hobea uzteko aukera galtzeko arriskua izango dugu».

Bide horretan, Sarek bat egin du ehunka preso eta iheslari ohik apirilaren 17rako deitutako manifestazioarekin ere. Amnistiaren bidean, euskal preso eta iheslariak etxera lelopean egin zuten deialdia, Usurbilen (Gipuzkoa) aurkeztutako adierazpenarekin. Idatzi hori «pauso berri» bat izan zela uste dute Sarekoek, eta horregatik eman diote babesa mobilizazioari, «Euskal Preso Politikoen Kolektiboak har ditzakeen erabakiak errespetatuz»: «Ez zuten legeak barnebiltzen ez duen ezer eskatu. Espainiako Gobernuari eskatzen zaiona da salbuespen legedia bertan behera uzteko».

Gehiago