Ostegunean, ikasle mobilizazioak deitu dituzte “zapalduon askapenaren mesedera dagoen hezkuntza eraikitzeko”
LOMCE eta bestelako erreformak salatzeko eta Lanbide Heziketan ematen den prekarietatea salatuko dute eginen diren manifestazioetan. Iruñean eta Lizarran mobilizazioak deitu ditu Ikasle Abertzaleak eguerdiko 12etan.
2016-ko martxoak 15
Nafarroan, Hezkuntzan, Erregimena gobernu autonomikotik kanporatu arren, ez dira eman beharreko pauso minimoak ere eman, uste du Ikasle Abertzaleak. Mendozak zuzendutako Hezkuntza Sailak besteak beste ez duela oraindik euskaraz ikasteko eskubidea bermatu salatzen dute, eta arbuiatu dute irakasle izateko oposaketetan hizkuntzaren araberako bi zerrenda berezituak mantendu izana.
Lanbide Heziketetarako euskararen zabalpena edota lehen hezkuntzarako euskarazko matrikulazioa ez dela sustatu ere aipatzen du Ikasle Abertzaleak. “Gaur egun oraindik ez da bermatzen Nafarroako Unibertsitatean euskaraz ikasteko aukera. Gainera, UPNk sortutako eta ikasle mugimenduak sendoki gaitzetsitako “Ikasleen Eskubide eta Betebeharren Dekretua” zein Euskal Herriaren aitortza egiten duten liburuen “zerrenda beltza” ukitu ere ez dituela egingo adierazi du” Hezkuntza Sailak.
“Nafarroa Garaian ere ikastetxeetako ikasleok masiboki atera behar gara kalera, hitzak ekintza bihur daitezen”, azpimarratu dute. “Ikasleok batu behar gara ikasleokiko eta gure herriarekiko ukazio zein jazarpenari amaiera eman eta zapalduon askapenerako behar dugun hezkuntza eredua eraikitzeko”.
Lanbide Heziketan, prekarietatea
Lanbide Heziketetan, bitartean, prekarietatea gero eta sakonagoa dela gogoratu du IAk. “Gure praktikak lanpostuak kubritzeko erabiltzen dituzte enpresa askotan, ez formazio integral bat eskaintzeko. Bestetik, praktikaldietan ere bidaiak zein bazkariak geure kabuz ordaindu behar izaten ditugu. Ez hori bakarrik, langile batek egiten duen lan bera egiten badugu ere ez dugu segurtasun sozialean kotizatzen, eta ondoren lortzen ditugun lanak epe laburrerakoak izaten dira. Gainera, lanbide heziketa gehienetan, gaztelaniaz ikastera derrigortuak gaude, inolako eskubiderik bermatu gabe, formakuntza etapa prekario honen bidez, gazte eta langile bezala prekarioki lan egiteko prestatuak izanez”.
Unibertsitatean, globalizazioa
Unibertsitateetan ere, Europar Batasunetik etortzen ari dira unibertsitateak “okerrera” eramaten dituzten neurri gehienak (EU2015, 3+2…). Hauek, epe ezberdinetan aplikatzen ari dira, unibertsitate nagusienek besteei egindako presioaren bitartez. “Elkarren arteko lehian murgilduta, unibertsitatearen eta merkatuaren arteko loturak indartzera, ingelesa sakonki txertatzera, unibertsitateak internazionalizatzera eta ikerketan nano-teknologia, bio-teknologia, energia iturriak, IKT-ak… bezalako arloetara erabat inklinatzera eramaten dituzte Euskal Herriko unibertsitateak. Modu sutilean baina sendo, nazioarteko merkatu globalizatuaren beharrei gero eta gehiago erantzuteak euskara mapatik kentzea eragiten du, gure herriaren errealitatea eta beharrak alboratzea, prezioak handitu edo plazak murriztuz unibertsitaterako sarbidea mugatzea, edota ikasle asko dauden mailak edukiz hustutzea”, dio IAk.
Arazo handi honi aurre egiteko, Forum To Fight-en bildu ziren Europako 26 ikasle antolakundeek ondorioztatu zuten bezala, “europar ikasle mugimendu anti-kapitalista baten sorrerari” bide eman behar zaiola.
Hezkuntza eredu berri baten alde
Hezkuntza ereduari dagokionez, Ikasle Abertzaletik proposatzen dute merkatuari begirako edo gizarte honen arazo errealekin loturarik ez duten edukien ordez herri jakintzak, herriaren arazoak eta beharrak unibertsitatera eta ikastetxeetara ekartzea. “Erregeen eta jauntxoen historia kontatzen diguten tokira, emakumeak, klase zanpatuak eta nazio ukatuak ekarri behar ditugu; biologia, kimika, matematika edo ekonomia gure arazo errealetatik urrun irakatsi nahi digutenean, etxe-kaleratzeak, frackinga eta gure ibai kutsatuak ekarri behar ditugu. Indibidualismoa, lehiakortasuna, akritikotasuna, errepikapena… eragiten duten pedagogia eredu eta ebaluazio sistemen aurrean, kolektibizazioan, elkarlanean, errealitatearekiko kontraste dialektikoan eta ikaskuntza jarraian oinarritutako ereduak ikusarazi eta zabaldu behar ditugu”.
Martxoaren 17-an, Euskal Herriak Hezkuntza Sistema Propio bat behar duela aldarrikatzeko mobilizazio ugari eginen dira Nafarroan, bereziki Iruñerrian eta Lizarraldean. Iruñerriko hainbat ikastetxetik ikasle zutabeak abiatuko dira Antoniutti parkeraino. Handik, eguerdiko 12etan, manifestazioa eginen dute. Aurreko egunean, NUPen, itxialdi bat burutuko da, eta hainbat ekimen eginen dituzte: hitzaldiak, greba prestatzeko asanblada bat eta afari bat.
Lizarran, eguerdiko 12etan dute hitzordua ikasleek. Ikastetxetik abiatuko da manifestazioa.