Jorge Olaizen epaiketa atzeratu dute Poliziak babestutako lekukoa aurkitzen ez duelako
Alde Zaharreko preso politikoa den Jorge Olaiz auzokidea, apirilaren 4 eta 5ean espainako Auzitegi Nazionalean epaitua izango da, 2002an UPNko zinegotzi bat zelatatzeaz akusaturik. Alde Zaharreko bizilagunek guztia "muntai polizial bat" dela salatu dute eta mobilizazioak iragarri dituzte.
2016-ko martxoak 6
15 urteren ostean, bat bateko lekuko baten testingatzak eraman zuen berriz ere Jorge Olaiz espetxera. Izan ere, Alde Zaharreko preso politikoak 13 urteko kondena osorik bete zuen, eta 2014ko maiatzean askatasunean gelditu ostean, Goardia Zibilak ordura arte kausan sekula azaldu ez zen bat bateko lekuko bat aurkitu zuen, eta Olaiz berriz espetxeratu zuten. Eta sakabanatu ere. Gaur egun A Lama espetxean aurkitzen da, bere etxetik 600 kilometrotara.
Epaiketa hasiera batean martxoaren 8rako iragarrita zegoen , baina bat bateko lekuko hau aurkitzeko ezintasuna dela eta, hilabete bat atzeratu behar izan da.
2002an, Olaizi hilketa saiakera batean parte hartzea leporatu zioten, baina froga falta dela eta, baita fiskaltzak ere akusazio honen inguruko artxiboa eskatu zuen. Iazko urte hasieran ordea, kausaren artxiboa baino 13 urte geroago eta gertaeretatik 15 urtetara, ordura arte kausan sekula azaldu ez zen bat bateko lekuko baten agerpena, froga nahikotzat jo zuten Olaizen kontrako kausa hau berriz ere irekitzeko.
Testigantza harrigarri honi, Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak, elkarrekin egindako txostena batu zaio. Txosten honen oinarria, 2002. urtean jada existitzen ziren froga berdinen intrepretazio berria da, bere garaian bai fiskaltzak eta baita epaileak ere aztertu eta kausa artxibatzea ondorioztatu zuten frogak.
Kausa honen berrirekiera dela eta, iaz epaileak Jorge Olaiz, lekukoa eta perituak deklaratzera deitu zituen. Ustezko lekukoak, bere deklarazioa bitarte kontraesan handietan erori egin zela azpimarratu zute abokatuek, eta aurretik Olaiz ezagutzen ez zuela esanda ere, 2002. urteko gertakari horien inguruan berak ikusi eta errekonozitu zuela baieztatzeko ez zuen zalantzarik izan. Polizia Nazionala eta Guardia Zibilien perituek bere aldetik, duela 13 urte baino askoz informazio gehiago jasotzen zituzten txostenak aurkeztu zituzten.
Kausaren larritasunaren jakitun bazen ere, bitan aurkeztu zen Jorge bere kabuz epailearen aurrean deklaratzera, eta hala eta gutiz ere, epaileak, ihes egiteko arriskua bazegoela ulertuta, behin behineko espetxea ezarri zion 2015eko otsailaren 12an.
Martxoaren 8an burutu behar zen epaiketa, baina dataren notifikazioa helarazteko lekukoa ezin izan dute topatu agente judizialek. Horrek, hilabeteko atzerapena ekarri du epaiketa datan, apirilaren 4an hasiko dena.
“Kausaren berrekiera testigantza harrigarri honetan bakarrik oinarritzeak, eta oraingoan lekukoa ezin topatzeak, erabateko berme juridikorik gabeko prozesua dela argi erakusten du”, Alde Zaharreko bizilagun eta hainbat kolektiboen ustez. “Jorgeren errugabetasun presuntzioa inondik inora ziurtatzen ari ez bada ere, 15 urteko espetxe zigor eskaerari egin beharko dio aurre. Honek guztiak, prozesua ebatziko duen epaia zilegitasun eta bermerik gabekoa izango dela aurreikusi dezakegu”, salatu dute.
Euskal Herriko egoera politikoaren aldakate eta gatazkari konponbidea emateko aukerak aipatu dituzte eta salatu dute “horrelako kausen berrirekiera, mendeku gosea eta konponbidearen blokeoan besterik ez direla oinarritzen”.
Hau guztia dela eta, Jorge Olaizen berehalako askatasuna eta kausaren behin betiko artxiboa exijitu dute, eta manifestazio bat antolatu dute datorren martxoaren 11an, 19.00tan Baratxurien plazatik.