11 urteren ostean Karmele Barañainera itzuliko da

11 urte pasa dira jada zorigaiztoko bidaia horretatik. 11 urte sakabanaketa politikak Karmele erail zuenetik. Eta 11 urte hauetan gure herrian hamaika gertakizun egon diren arren ez da errekonozimendurako lekurik egon. Gertatutakoak zauri sakona utzi zuen senide, lagun zein herritarrengan. Eta zauri horri odola borborka dario oraindik orain.

Amelia Albizu eta Itziar Urra. Karmele Gogoan Herri Ekimena.

2016-ko otsailak 8

Karmele ez da berriro gure artean egongo. Ezingo dugu bere ahotsa entzun, ezta bere irribarreaz gozatu. Heriotzak ez du atzera bueltarik. Pertsona batek uzten duen hutsunea ezin da ordezkatu. Baina jakin badakigu herri honetan irekitako zauriaren sakontasuna ez dela pertsonak utzitako hutsunearengatik soilik. Karmeleren heriotza auto istripu bat bakarrik izan ez zen bezala. Karmele eta Jose Luis mendeku politika baten ondorioz zeuden errepide horretan eta horren aitortza da zauria sendatzeko merkromina. Memoria eta errekonozimendua dira botika.

11 urte hauetan ekimen ugari egon dira Barañainen Karmeleri gertatutakoa ahaztu ez dadin, memoriaren liburuan idatzia gera dadin. Ordea oztopoak ugariak izan dira eta Karmele gure herriko kaleetatik ezabatzen saiatu dira behin eta berriz. Baina bihotzetatik ezabatzen ez dena nekez desagerrarazi daiteke, eta pankartak, kartelak, zuhaitzak, oroigarriak suntsitzen saiatu diren arren, oroimenaren magiak berriro itzuli ditu kaleetara. 11 urte, hamaika ekimen. Memoriaren bidean ale txiki bezain handiak. Ordea, geratutakoaren aldarria ezin da soilik Barañaingo kaleetan geratu, ezin da oroigarria kendu-jarri gerra batean geratu, herri honen errelatoaren parte izan behar du eta horretarako urrats berriak ematea ezinbestekoa da. Memoria eta errekonozimendua beharrezkoak dira.

Bidea ibiliaz egiten da eta memoria zein aitortzaren bide horretan urrats berri bat ematera goaz datorren Otsailaren 18an. Behingoz, Karmeleri merezi duen omenaldia egingo zaio Barañainen. 11 urteren ostean, Karmele Barañainera itzuliko da. Eta oraingoan geratzeko itzuliko da. Gertatutako guztia Barañainen bere lekua izango du eta hurrengo belaunaldiek herri honek bizi duen gatazkaren ondorioz hil zen Karmeleri gertatutakoa ezagutuko dute. Hori da Karmeleri egin diezaiokegun omenaldirik onena. Karmele, Ekain, Jose Luis, merezi duzue, herri honek memoria, egia eta aitortza zor dizue.

Otsailaren 18an, arratsaldeko 19:00tan Barañaingo Auditorioan elkar ikusiko dugu!

Gehiago