Bost urte eta gero… bide berean aurrera

Dagoeneko bost urte pasatu dira Euskal Herriko Eskubide Zibil eta Politikoen Aldeko Mugimendua sortu zenetik (ez eskubide horien aldeko borroka hasi zenetik, noski). Zentzu askotan, oso urte aberatsak izan dira.

Eleak/Libre dinamika

2016-ko urtarrilak 21

Antolaketari dagokionez, eraldaketa handiko urteak izan dira. Zenbaitetan nahita eginiko aldaketak izan dira eta, beste zenbaitetan, gure borondateaz kanpokoak, eta, ondorioz, nahasmen-eragileak. Mugimendu hau Adierazi EHtik eratorritakoa da, eta, zenbait hilabeteren buruan, Eleak mugimenduari bide eman zion. Lehen urratsak egin ondoren eta margo laranja Euskal Herrian indarrez zabaltzen ari zela, beste marka bat sortu zen: LIBRE. Azkenean, Eleaken eta epaiketetatik haratago eta iraunkorki lan egiteko asmoa zuten LIBRE talde gehienen arteko eztabaida luzea egin, eta biak batzea eta elkarlanean aritzea erabaki genuen, LIBRE, laranja eta Eleak bat eginez.

Urteotan, eztabaida eta hausnarketa ugari izan ditugu Eskubide Zibil eta Politikoen (EZP) egoeraren analisia adosteko, gure diskurtsoa osatzeko eta, nola ez, ibil moldea zehazteko.

Duela bost urte, EZPen bilakaera zein izanen zen iragartzeko gogoetan aritu ginen, eta, azkenean, hipotesi guztietatik, pentsa zitekeen okerrena gertatu da. Etenik gabeko salbuespen egoeraren paradigmak gure eguneroko bizitza politiko eta soziala baldintzatzen du oraindik orain. Horren adierazpenik gogorrenetako batzuk, inkomunikazioa-tortura tandema, kasurako, desagertzen ari dira, baina beste asko ez. Kezka handiz jarraitzen diogu Frantziako estatuak errepresioan sakontzeko duen temari, iragarritako lege aldaketak noiz eta nola zehaztuko zain. Garbi dago hamarkadotan eraiki duten disidentzia eskubidearen aurkako armategi erraldoiak (lege antiterroristak, salbuespen auzitegiak…) bere horretan darraiela. Gainera, armategi legezko baina ez-legitimo hori txikitzetik urrun, tresna berriz hornitu dute, Mozal Legeak eta Zigor Kode berriak erakusten dutenez. Egoera horren aurrean, gure aldarrikapena ez da mugatzen “zuzenbidearen aurkako” armategi hori aplika ez dadin eskatzera. Ezta zigor apalagoak eskatzera ere. Aitzitik, lege eta politika horiek behingoz indargabetu daitezen exijitzen dugu, Madrilek, Parisek edota hurbilagoko botere-gune batek inoren aurka betearazi ez ditzan, ez gaur, ez bihar.

Asmo genuen lan-eremua zabalagoa izan arren, gure bitarteko mugatuek, emozioek eta dinamika hauekin bat egin duten auzipetu eta hamaika auzibideek horretara bultzatuta, gure indar eta ahalegin handienek epaiketen eta atxiloketen inguruko lana izan dute ardatz. Herri ekimenen kopurua oso handia izan da, haiek garatutako dinamiken aniztasuna izugarria. Anitzak ere auzipetutako pertsona eta kolektiboek egoerari aurre egiteko agertu dituzten moduak. Guk bultzatzen dugunetik edo ez dugunetik haratago, guztiak errespetatzen ditugu. Amorratu eta negar egin dugu zigortu zaituzteten bakoitzean, eta bihotzez poztu gara libre geratu zaretenean.

Segur aski, mugimendu honek urteotan egin duen ekarpen nagusia ibil moldeena izan da, hau da, jarduteko ereduena. Ekarpen hori, jakina, indar-batuketa baten ondorio da, konpromisoa nork bere modura eta mailan hartu duen pertsona ororena.

Babes sozial zabala; begirada autozentratu eta autoantolatua; konpromisoa; auzipetuek akordioak baina baita akordio ezak ere adostea askotariko jarrerei bide emanez; samurtasuna eta tinkotasuna; umorea eta komunikatzeko modu berriak; barneko eta kanpora begirako adierazpenetan modu ez hain maskulinoak erabiltzea… Akatsak akats eta hutsuneak hutsune, eredu berri bat osatu dugula uste dugu, hainbat zentzutan zehaztugabea eta lausoa, baina identifikagarria eta erakarpen- nahiz mobilizazio-gaitasun handikoa.

Bide horretan, desobedientzia ezaugarri nagusietako bat izan da. Ez dugu mitifikatu nahi, baina izan duen garrantzia ez dugu gutxietsiko. Injustiziak ikusarazteko tresna efikaza izan da, baita erasoei aurre egiteko, eztabaida zein tentsio soziala pizteko eta konpromisoak ugaritzeko ere. Inoiz esan dugu mugimendu desobedientea garela; ez, ordea, beti bide hori ibili dugulako. Egia esan, gutxi batzuetan baliatu gara desobedientziaz. Nolanahi ere, EZPen eta auzipetuen defentsan, geroz eta indartsuagoa eta zabalagoa izanen den desobedientzia baten aldeko apustua egiten dugu. Horregatik da mugimendu desobedientea. Filosofia desobediente horrek beste maila batean kokatu du borroka hau, kuantitatiboki eta kualitatiboki.

Geure burua aterki zabaltzat dugu ―askoz ere zabalagoa izan beharko lukeena―, eskubideen eremura mugatuta, auzipetu dituzten pertsona eta erakunde guztiei babesa ematen diena. Aterki horren pean, norbanakoek zein erakundeek, nork bere “delituaren” edota iritziaren apologia egiteko aukera du, gu horrekin ados egon ala ez gorabehera. Halere, onartu behar dugu zenbait kasutan ez dugula jakin gure hitzak edota markak eta unean-unean babesten ari ginen horienak bereizten. Hainbeste, non kasu bakan batzuetan guk izenpetzen ez ditugun mezu batzuei lotuta agertu baita mugimendu hau. Horretan ere badugu zer hobetu.

Prozedura horien aurkako gehiengoak ikusarazi, autoantolatu, konpromisoak areagotu, limurtu, arauak hautsi, ez obeditu… Gure helburutik oso urrun gaude oraindik, urrun epaiketa eta espetxeratzeak saihesteko erreminta horiek guztiak behar beste zorroztetik, urrun geure EZPak oso-osorik berreskuratzetik. Hala ere, duela bost urte gutako edonork amestuko zukeen honaino ekarri gaituen bidea eta ibil moldea. Eta, gainera, bide horretan sakontzeko bitartekoak eta beharra badaudela uste dugu. Beraz, Eleak/LIBRE osatzen dugunok bide horretan lan egiten segituko dugu.

Gehiago