Ikasle Baterajotze Nazionala deitu du IA-k martxoaren 17rako

Datozen asteetan, ikasguneetan kontzientziazio, formakuntza eta antolakuntza asanbladak areagotuko dira Euskal Herriko hezkuntza eredu propioaren alde egiteko.

2016-ko urtarrilak 27

“Euskal Herri Langilearen, zapalduon eta gure askapenaren mesedera egongo den hezkuntza eredua eraiki ahal izateko ezinbestekoa dugu LOMCE, EU2015, 3+2 edota frantziar gobernuak Ipar Euskal Herriko eskoletan inposatzen duen eredu arrotza apurtu eta indargabe uztea”, adierazi du Ikasle Abertzaleak martxoaren 17an deitu duen Baterajotze Nazionalaren deialdia zabaltzeko.

“Herritik eta herriaren mesedera dauden alternatibak eraiki eta gaurtik martxan” jarri behar direla uste du IAk. “Ikastetxeetan erreformen aurrean hezkuntza komunitateak argi adierazi du Euskal Herriak bere hezkuntza propioa behar duela. Guk, ikasleok, behar dugun hezkuntza ereduaren eraikuntza eta aldarrikapenean aurrera pausoak eman behar ditugu, hezkuntzan egiten diren aldaketak behingoz herriaren mesederakoak izan daitezen”.

“Unibertsitateetan lege orokorrak ez diren beste mekanismo ugariren bidez hezkuntzaren pribatizazio eta merkantilizaziorako norabidean doazen aldaketak bultzatzen ari dira. Datorren urtean ezartzen saiatuko diren 3+2-a norabide berean kokatzen den egiturazko aldaketa garrantzitsua izango da”, azpimarratu du Ikasle Abertzaleak. Ildo horretan 3+2 eta EU2015-aren bidez “ezarri nahi duten unibertsitate ereduarekin apurtzeko” ereduen talkan oinarritzen diren proiektuak eraikitze proposatzen du IA-k, “ikasleon antolakuntzarako espazio gero eta ugariago eta sendoagoak eraiki, eta euskaraz zein ikas baldintza duinetan ikasteko eskubideak bermatzeko baldintzak” sortu.

Hurrengo aste eta hilabeteetan ikastetxeetan kontzientziazio, formakuntza eta antolakuntza asanbladak egin behar dira. Unibertsitateetan prozesu parte-hartzailearen ondorioak hartu eta minimoak lortzeko borrokak finkatuko dira. Ikastetxeetan otsailean zehar progresiboki gorakorrak diren ekimenak eginen dira.

Gehiago