Sanduzelaien arrazakeria kontrako txertoa jartzeko deia egin dute

"Ez sartu nire bizilagunekin. Txertatu Arrazakeriaren aurka" lelopean manifestazioa egin dute ostiral honetan Sanduzelaien, eta Osasun Zentro ondoan amaitu da, non arrazakeriaren aurkako txertoak banatu dizkiete herritar guztiei "intolerantziaren birusari aurrea hartzeko."

2026-ko urriak 3

Talde ultren ahultasunarekiko gorroto mezuak areagotzen ari direla eta horrek bizilagunen artean duen eragina salatu nahi izan dute Iruñeko Sanduzelai auzoan. “Ceutan gertatutakoa inflexio-puntua izan da talde horien aldetik migratzaileak deshumanizatzeari dagokionez, migrazioa bezalako fenomeno konplexu bat baliatu baitute ikusgarriago egiteko. Badakigu gorroto mezu horien atzean finantzazio indartsua eta klase interes argiak daudela”, azpimarratu dute.

Gogoratu dutenez, Sanduzelai auzoak jatorri askotako pertsonak hartu izan ditu historikoki eta auzoa haiekin eraiki izan dela ere nabarmendu dute. “Lehenengo, Estatuko beste leku batzuetako gizon-emakumeak etorri ziren, eta, azken hamarkadetan, munduko leku askotakoak. Denok, lehenengotik azkenera arte, komunitate bat osatzen dugu, eta badakigu askok kezkaz bizi dutela olatu erreakzionario hau”.

Sanduzelaiko kolektiboek “gehiengo batek bizikidetzaren alde egiten duela” aldarrikatu nahi izan dute ekimen honekin, eta mezu argi bat bidali nahi dute: “jarrera arrazista eta intoleranteek ez dutela lekurik izan eta ez dutela lekurik izango gure espazioetan”. Horregatik deitu dute mobilizazioa. “Oso garrantzitsua iruditzen zaigu gertukoenetik egitea, komunitariotik, hor eraikitzen baitira eguneroko harremanak eta hor hausten baitira estereotipoak eta buloak”.

Gehiago