50 urte Euskal Herria euskalduntzen “eta hau hasiera baino ez dela” nabarmendu AEK-k bere matrikulazio kanpainaren hasieran
Aurten, Nafarroan euskara ikasteko dirulaguntzak handituko dira, eta A1 eta A2 mailako ikasleek % 100 berreskuratzen ahalko dute matrikula.
2026-ko irailak 2
“Euskara eroso ikasi eta bizi” lelopean hasi da matrikulazio kanpaina AEKko euskaltegietan ikasteko, eta dagoeneko izena eman daiteke Euskal Herrian zehar zabalik dituen euskaltegietan edo informazioa on line eskatu.
AEKko Nazio Kontseiluko kide Aize Otaño Lizarraldek, Maialen Otegi Saez de Egilaz Irakaskuntza arduradunak, eta Amara Berri AEK euskaltegiko Maialen R. Barcena irakasleak eta Iñaki Carcavilla Garasa ikasleak osatu dute aurkezpena. Hasteko, Aize Otañok azaldu du, kanpainako iazko leloari eutsi arren, irudia aldatu egin dela ikasturte honetan: “Besaulkia alfonbra batez ordeztu dugu. Alfonbra gonbidapena da, euskara ikasteko ustezko zailtasunen beldur den horrentzat. Era berean, ikasgelako erosotasuna kalera eramateko gonbita ere bada. Alfonbrak ez dira, beharbada, besaulkiak bezain erosoak, baina eramangarriagoak dira, eta lurrarekin hobeto konektatzen gaituzte. Eta kanpaina, alfonbrak bezala, Euskal Herriko plaza eta kaleetara atera nahi dugu; euskara bera Euskal Herriko karriketara eta enparantzetara atera gura dugu. Baina hori horrela izan dadin, euskaltegiak bete behar ditugu lehenik eta behin, ez dakienak ikasteko, dakienak hobetzeko, praktikatzeko…”.
Horren harira, Otañok ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxa ekarri du gogora: “Orduan adierazi genuen euskara eta euskal hiztun-komunitatea larrialdi linguistikoan daudela, eta ezinbestekoa dela biziberritze-prozesuan jauzia egitea, pizkunde berri bat eragitea. Pizkunderako Erronka da 300.000 euskaldun gehiago izatea 2036. urterako; alegia, 10 urteko epean urtez urte 30.000 euskaldun oso irabaztea. Horretarako gakoetako bat, estrategikoa, helduen euskalduntze-alfabetatzea da. Hamarkada bakar batean 120.000 euskaldun oso sortzea da helburua. Horixe dugu erronka, horixe dugu helburu, eta horixe da euskaltegion egitekoa”.
Xedea lortzeko ezinbestekoak izango diren hainbat kontu aletu ditu Otañok: “Euskara-ikasketen doakotasuna eta irisgarritasuna, HEAren inguruan agentzia berri bat sortzea erakunde eta gizarte-eragileen jarduna koordinatzeko, pertsona migratuen harrera linguistikorako baliabide eta erraztasunak handitzea, eta, azkenik, lan-munduan euskararen presentzia areagotzeko araudi, baliabide eta plangintzak sustatzea. Zentzu horretan, txalotu egiten ditugu azkenaldian Hego Euskal Herriko administrazioek doakotasunaren bidean egin dituzten urratsak. Hori guztia, gure ustez, ez da nahikoa, baina horixe da bidea”.
Esandako guztia ederki laburbiltzen duelakoan, Otañok 24. Korrikaren amaieran Bilbon euskal jendarteari luzatutako mezua ekarri du gogora azpimarratzeko euskaltegietako ateak zabalik daudela. “Zeren eta hizkuntzarik ez duen herri bat ez da herri izango”.
Ondoren, Maialen Otegi Saez de Egilaz Irakaskuntza-arduradunak azaldu du gaurtik aurrera matrikulazioa zabalik dagoela AEKren euskaltegietan, “bertan herritarrek euskara eroso ikas dezaten eta euskaraz eroso bizi daitezen, horixe baita AEKren xedea. Euskaltegiak euskara ikasteko gune erosoak izatea nahi dugu, eta ikasleek handik ateratzean arlo guztietako baliabideak izatea gura dugu: lagunartean, familian, lanean, aisialdian… Milaka herritar hurbildu dira azken ikasturteotan AEKren euskaltegietara euskara ikastera, beren maila hobetzera edo praktikatzera, etxeko eta lagunarteko harremanak euskaraz izateko, lan-egoera hobetzeko eta abarrerako. Ikasturte honetan ere zinez espero dugu herritar gehiago hurbiltzea AEKren euskaltegietara. Erronka-zaleak gara AEKn, eta hamarkada batean 120.000 euskaldun oso gehiago sortzea dugu erronka. Horri begira, AEKk 100 euskaltegi baino gehiago ditu Euskal Herri osoan, eta horien bidez beste hamaika herritara iristen da”.
Eskaintza ikasleen beharrizanetara egokituta, enpresa, udal, elkarte, ikastetxe eta abarretan ematen ditu AEKk, hainbat formatutan: “Hilabeteko ikastaro trinkoak, urte osoan, Foruko barnetegian. Pantailen beste aldetik ere, nahi duen orok euskara eroso ikasteko aukera du, esaterako AEKren online euskaltegiko ikastaroen bitartez. Erabilerarako aukerak ere bai: AIZU! aldizkaria, euskaraz irakurtzeko; Praktikaturen eskaintza, mintzapraktika giro atseginean egiteko; Ahize aholkularitzaren laguntza, lan-esparruan euskara normalizatzeko…”.
Dirulaguntzei dagokienez, Nafarroan urrats bat aurrera egin da doakotasunean: A1 mailako ikasleez gain, A2 mailako ikasleek ere % 100 berreskuratzen ahalko dute matrikula. Dirulaguntzen inguruko informazio guztia Euskarabidearen webgunean aurkitu daiteke.

Maialen R. Barcenak, bere aldetik, AEKren metodologia komunikazioan oinarritzen dela azaldu du, praktikotasunean, “euskara lehenengo egunetik erabiltzeko ikastean: ez da gramatika-ikasketa hutsa, beste euskaldun batzuekin komunikatzeko gai izatea baizik”. Hain zuzen ere, holaxe ari da ikasten Iñaki Carcavilla Garasa, Donostiako musika-eskolako irakaslea bera. Ayerbe herrian (Huesca) jaioa, bere esperientziaren berri eman du aurkezpenean. Musikenen ikastera etorri zen Donostiara, eta joan den ikasturtean A1 maila ikasi eta gainditu zuen Amara Berri AEK euskaltegian. Ikasten jarraitzeko asmoa duela adierazi du; izan ere, Donostiako euskal komunitatean oso integratuta egonik, euskararen premia sentitzen du. Bizitzen ari den esperientzian oinarrituta, euskara ikastera animatu du mundu guztia.
Bukatzeko, Aize Otañok hartu du berriro hitza, ikasturte berriko irudian ageri den logotipo berriari erreparatuta: “50 urte baino gehiago Euskal Herria euskalduntzen”. AEK lehenago sortu zela adierazi du, baina duela 50 urteko ikasturtea oso une esanguratsua izan zela: “1976-77 ikasturtean ikasle-kopurua % 300 handitu zen, eta ikasle-uholde horrek beste dimentsio bat eman zion helduen alfabetatze-euskalduntzeari: indar handiagoa hartu zuen gizarte-fenomeno moduan ere. Testuinguru horretan hasi zen AEK, AEK izenez, Euskal Herri osoan erakundetzen. Prozesu hori geroago amaitu bazen ere, 76-77 ikasturtea mugarri garrantzitsua izan zen. Hori kontuan hartuta, urteurren hori gogorarazi nahi izan dugu kartelen eta bestelako euskarrien bidez. Erran gabe doa hau hasiera baino ez dela. Gaur egun ere, euskarak halako mugarriak behar ditu pizkunde berri baterako bidean. Izan dadila ikasturte hau euskararen geroa bermatzeko mugarri. Bete ditzagun euskaltegiak”, eskatu du AEKko arduradunak.
