Zizurko Hirigintza Plan Orokorrak herri mugimenduaren espazioak arriskuan jartzen dituela salatu dute
Udal Batza egiten ari zen bitartean, Espazioen Defentsa herri-plataformak eta herriko hainbat kultur kolektibok Zizurko Hirigintza Plan Orokorraren aurkako elkarretaratzea egin dute, planak alde zaharreko lur komunaletan —eskola zaharren eta kontzejuko eremuan— etxebizitzak eraikitzea aurreikusten baitu.
2026-ko abuztuak 25
Zizur Nagusiko Udalak hirigintza plan orokorraren behin betiko onarpena onartu egin du ez-ohiko osoko bilkuran. Bilkura horretan, eskola zaharren eta kontzejuko eremuan etxebizitzak eraikitzeko proposamena izan da eztabaidagai nagusietako bat, alde zaharrean geratzen diren lur komunal gutxienetako batean.
Espazio hauek herriko hainbat kolektiboek erabiltzen dute, eta hori dela eta gaurko elkarretaratzean dozenaka herritarrak bildu dira proiektu hau salatzeko eta haien oposizioa erakusteko.
Espazioen Defentsa plataformak salatu du azken urteotan dinamika politiko jakin bat errepikatu dela. “Zalantzak eta kontrakotasunak sor ditzaketen neurriak ahalik eta azkarren eta zarata txikienarekin onartzea. Azken ikasturtean, adibidez, jaien data aldaketa eta kamera berrien instalazioa bizi izan dira herritarren benetako partaidetzarik gabe”, ohartarazi dute.
Plataformaren ustez, alde zaharreko eremu honetan etxebizitzak egiteak talka zuzena egiten du sustatu nahi den herri ereduarekin. “Lur komunal hauek Zizurreko iraganeko bi eraikuntza esanguratsu hartzen dituzte —Eskola Zaharrak eta Kontzejua—, eta bertan eraikitzeak zizurtar guztionak diren lurrak pribatizatzea eta espazio klasista eta elitista sortzea ekarriko luke, benetako etxebizitza arazoari irtenbidea eman beharrean”, adierazi dute.
Horrez gain, Espazioen Defentsak azpimarratu du eremu honek azken hamarkadetan herriko bizitza kulturala eta kolektiboa elikatu duela. Bertan egiten dute lan, besteak beste, Zizurko Inauteriak, Joaldunak, Antzerki taldea, Rock Etxea, Sorgin Kale, Zizurko Txoznak, Gazte Asanblada, Mugimendu Sozialista eta Zizurko Talde Feminista, baita musika kolektiboek ere (txistulariak, gaiteroak eta txaranga). Espazio horiek galtzeak arriskuan jar dezake ekimen horien jarraitutasuna.
Plataformak azpimarratzen du “espazio komunalak pribatizatu aurretik, udalak benetako partaidetza prozesua ireki behar duela, eragindako elkarte eta kolektiboak entzun, eta etxebizitza beharra, ondare komunala eta bizitza komunitarioa uztartzeko aukerak aztertu”.
