Ikerketa biomediko publikoa defendatzea biharko osasuna defendatzea da

Iñaki Moreno Sueskun, Beatriz Orduña

Nafarroako Osasun Plataforma, Miguel Servet Fundazioko Enpresa Batzordea

2026-ko abuztuak 17

Nafarroako ikerketa biomediko publikoak asko du jokoan. Eta horretaz hitz egin behar da. Ikerketa biomedikoari esker, aurrera egiten dugu minbizia, alzheimerra edo patologia kardiobaskularrak bezalako gaixotasunen prebentzioan, diagnostikoan eta tratamenduan. Lan hori sistema publikoan egiten denean, ezagutzak osasun-arretaren kalitatean eragiten du zuzenean, eta herritarren benetako premiei erantzuten die, interes ekonomiko edo komertzialen gainetik.
Nafarroan, eredu horrek une erabakigarria bizi du. Miguel Servet Fundazioak, Navarrabiomedeko eta Nafarroako osasun-ekosistema publikoko ikerketa biomedikoa kudeatu eta sustatzeaz arduratzen den erakunde publikoak, funtsezko eginkizuna izan du hainbat urtez ikerketa bultzatzeko eta emaitzak praktika klinikora eramateko.
Fundazioaren lanari esker, ikertzaileei eta osasun-langileei lagundu zaie, proiektu lehiakorretarako finantzaketa erakarri da, baliabide publikoen erabilera gardena izan dela bermatu da eta aurrerapen zientifikoak ospitaleetara, osasun-zentroetara eta, azken batean, herritarrongana irits daitezen bultzatu da.
Hala ere, gero eta kezka handiagoa dago fundazio publiko honek kudeatutako ikerketa-jarduerak behera egin duelako pixkanaka. Beherakada horrek lotura dauka Miguel Servet Fundazioak historikoki garatzen zituen funtzioak eta proiektuak FIdiSNA fundazio pribatu baterantz eramatearekin. Eta, ondorioz, eztabaida legitimoa dugu erakunde publikoek Nafarroako osasun-ikerketaren kudeaketan izan behar duten zereginari buruz.
Kezka ez da baliabideak nork kudeatzen dituen soilik; Miguel Servet Fundazioaren lehentasunen bilakaerarekin ere badu zerikusia. Profesional askok uste dute ikerketa, erakunde honen izateko arrazoia, protagonismoa galtzen ari dela beste jarduera batzuen aurrean, hala nola berrikuntza,
transferentzia edo zerbitzuak ematea. Horiek guztiak osagarriak eta beharrezkoak izan daitezke, baina inoiz ez lukete lekualdatu behar ikerketa biomediko publikoa bultzatzeko eginkizun nagusia.


Zergatik kezkatu beharko genuke herritar guztiok?
Ikerketa publikoa gure osasun-sistemaren etorkizunerako pieza estrategikoa delako. Erakunde pribatuetara eramateak arrisku handiak ekar ditzake:
Lehenik eta behin, baliabideen orientazioaren eta ikerketa-lehentasunen gaineko kontrol publikoa galtzea. Diru publikoarekin finantzatutako ikerketak herritarren osasun-beharrizanak izan behar ditu gidari, eta haren emaitzak sistema publikoaren onurarako leheneratu behar dira.
Bigarrenik, gardentasuna. Kudeaketa publikoak esparru bereziki zorrotza eskaintzen du gardentasunaren eta informazioa eskuratzearen arloan, funtsezko elementuak baitira herritarrek finantzatutako baliabideak administratzen direnean. Gainera, kontrolatzeko, gainbegiratzeko eta kontuak emateko mekanismoak ditu, ikerketa-lehentasunak osasun-sistema publikoaren beharrekin eta interes orokorrarekin bat datozela bermatzeko.
Eta, hirugarrenik, lehentasunen balizko aldaketa. Ikerketa publikoa interes orokorrera bideratu behar da, baita horrek berehalako onura ekonomikorik sortzen ez duenean ere. Bere helburua pertsonen osasuna hobetzea da, ez proiektuen edo inbertsioen errentagarritasuna.
Zientziaren kontrol publikoa defendatzea, beraz, osasun unibertsala, eskuragarria eta kalitatezkoa babesteko bermea da. Ezagutza propioa sortzeko, profesionalak prestatzeko, talentua erakartzeko eta etorkizuneko osasun-erronkei autonomiaz erantzuteko gai den sistema baten alde egitea da. Kontua ez da beste erakunde batzuek egin dezaketen ekarpena zalantzan jartzea, baizik eta funts publikoekin finantzatutako ikerketa biomedikoa egitura publiko sendo, garden eta interes orokorrera bideratuek gidatuko dela bermatzea.
Gaur egun jokoan dagoena ez da soilik fundazio baten etorkizuna. Jokoan dago Nafarroak ikerketa biomediko publiko sendo, independente eta herritarren zerbitzura mantentzeko duen gaitasuna.
Horregatik, idazki hau sinatzen dugunok norabide aldaketa bat eskatzen dugu, ikerketa biomediko publikoa indartzeko eta ikerketarako baliabide publikoak kudeaketa eta kontrol publikoaren pean egongo direla bermatzeko. Nafarroako Gobernuari eta Osasun Departamentuari eskatzen diegu ikerketa lehentasunen erdigunean jar dezatela berriro, eta erabakiak interes orokorrera eta herritarren osasuna hobetzera bidera ditzatela.
Talde parlamentarioek ere aukera dute orientazio berri hori bultzatzeko Nafarroako etorkizuneko Osasun Legea tramitatzen ari den tenore honetan.
Gaur ikerketa publikoa defendatzea biharko osasun publikoa defendatzea delako.

Gehiago