“Urtarrilean Bilbon egingo den manifestazioak euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazio sozialaren ibilbide oso baten amaiera irudikatuko du, azkena izan behar du”
Sare Herritarrak Arrasaten egindako agerraldi jendetsu batean iragarri du 2027ko urtarrilean Bilbon eginen den ohiko mobilizazioa ziklo baten azkena izanen dela. “Helmuga denak etxera” leloarekin eginen den martxa honekin euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazio sozialaren ibilbide oso baten amaiera irudikatu nahi dute. “Guztion artean lortu behar dugu urtarrilaren 9ko deialdi hau euskal gizartearen gehiengoaren adierazpena izatea, denoi min egiten digun eta amaitu behar dugun egoera bati amaiera emateko. Gure borondatea eta nahia da beraz, urtetan milaka herritar biltzen dituen manifestazio iraunkorrari amaiera ematea. Eta beraz, azkena izatea nahi dugu” dio Mikel Mundiñanok.
Mikel Mundiñano
Sare Herritarra
2026-ko ekainak 7
Zein izan da orain arte Sare Herritarrak egin duen ibilbidearen balorazioa?
Sarek duela 12 urte heldu zion konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko lanari. Hamabi urte hauetan, gure asmo nagusia izan da Euskal Herriko gizarte zibiletik sortutako tresna kolektiboa izatea, errealitate mingarri, konplexu eta luze bati aurre egiteko: euskal preso, iheslari eta deportatuen esistentzia eta hauek sufritzen zuten eskubideen urraketa, Estatuko botereetatik gauzatutako errepresioaren helburu zirelako.
Orduko errealitatea ez zen gaur egungoa. Duela hamabi urte 465 preso baino gehiago zeuden, Espainiako eta Frantziako estatuetako 76 espetxetan sakabanatuta. Hamarnaka erbesteratu. Euskal Herriko ehun herritan baino gehiagotan preso, iheslari edo eta deportatuak zeuden. Estatuen aldetik blokeo egoera bat zegoen eta urrun ikusten zen argia tunelaren beste aldean.
Gaur egungo errealitatea bestelakoa da. Arrazoi politikoengatik espetxeratutako presoak 112 dira, horietatik % 70 baino gehiago hirugarren graduan dago, edo 100.2 artikulua dute aplikatuta. Euskal Herriko 34 herritan dago oraindik motibazio politikoko preso, iheslari edo deportaturen bat.
Hortaz, 40 preso inguru daude oraindik gradu-progresiorik gabe edo erregimen itxian, esan dezagun…
Espero ditugu datozen hilabetetan aurrera urratsak eta horrek agertoki berri baten aurrean jartzen gaitu. Azken txanparen aurrean nahi bada, azken aldaparen aurrean, eta hori barneratu, balioan jarri eta egoera berrira egokitu behar dugu gure burua, ahalik eta eraginkorren lan eginez, ahaztu gabe gure helburua lanean jarraitzea dela azken preso, iheslari edo deportatua etxera itzuli arte.
Larunbata honetan, Arrasaten, iragarri duzue 2027ko urtarrilean Bilbon eginen den mobilizazioaren hainbat detaile…
Atzo 2027ko urtarrileko mobilizazioa aurkeztu genuen. “Helmuga denak etxera” leloarekin. Gure helburua da manifestazioak euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazio sozialaren ibilbide oso baten amaiera irudikatzea. Guztion artean lortu behar dugu urtarrilaren 9ko deialdi hau euskal gizartearen gehiengoaren adierazpena izatea, denoi min egiten digun eta amaitu behar dugun egoera bati amaiera emateko. Gure borondatea eta nahia da beraz, urtetan milaka herritar biltzen dituen manifestazio iraunkorrari amaiera ematea. Eta beraz, azkena izatea nahi dugu. Azkena izan behar du. Baina errealitate bihurtzea guztion ahaleginaren araberakoa izango da, noski.
Aro luze eta gogor baten amaieraz hitz egiten ari gara, baina badakigu hori ez dela egun batetik bestera etorriko. Korapilo ugari daude oraindik askatzeko eta oztopoz beteriko bidea izango dela ez dugu zalantzarik. Baina agertokia ezberdina da eta ezin dugu gure jarduna berdin eta iraunkorki mantendu, 12 urte hauetan ezer pasatu ez balitz bezala. Ez litzateke, ez justua eta ezta ona ere. Egoera berri honek, nahiz eta gure helburuetara oraindik ez garen iritsi, tokian toki eta ildo mobilizatzaileari dagokionean eskatuko ditu egokitzapenak eta hori lasaitasunez, baina egin, egin beharra dugu.
SARE beste dinamika sozial aitzindari eta hegemoniko batzuen emaitza izan da eta da. Dinamika horien inguruan egituratu da hogeita hamar urtez baino gehiagoz eskubideen aldeko dinamika soziala eta, beraz, 2026-2027 aldiak trantsizio-aldi bat izan behar du. Gure jarduteko modua birdefinitu behar dugu, gure mobilizazio-dinamikak errealitate berrira egokituz, baina gure helburuari uko egin gabe: azken preso, iheslari eta deportatua etxera itzultzea.
Mobilizazio nazional hau azkena izatea espero duzue. Zergatik uste duzue egokia dela ohikoa bihurtu den hitzordu honi amaiera jartzea?
Ez dugu ohikoa bihurtu nahi, bukatu nahi dugu honekin. Eta azkena izatea lortzen badugu, esan nahiko duena da konponbidean jarri dugula hamarkadaz hamarkada luzatu den egoera bat, herri hau sufritu arazi duen errealitate bat. Gurea bezalako sare baten ondarerik onena ez da betikotzea, baizik eta hura sortu zuen bidegabekeria desagertzen laguntzea. Urtarrileko mobilizazioarekin berdin. Egungo egoera ikusita sortu ditzagun baldintzak datorren urtarrilekoa izan dadin modu iraunkorrean antolatuko dugun azken urtarrila. Horregatik aurkeztu dugu orain, ekainean. Garrantzia emateko eta gizarte osoa interpelatzeko nolabait. Hau ezin da gehiago luzatu, herri honek behar ditu konponbidea, bakea eta elkarbizitza, eta hori nahitaez preso eta erbesteratuen etxeratzearekin eta biktima guztiek merezi duten aitortzarekin batera eman behar da.
Euskal preso eta iheslarien aldeko lana gaur egungo testuingurura egokitu behar dela aipatzen duzue. Zein da zuen proposamena? Eta Madrilen edota Parisen aldaketa nabarmenak emango baziren, zer?
Orain arte gure dinamika soziala ezaugarritu duen dinamika iraunkorrari amaiera ematen hastea. Horrek esan nahi du hau bukatu dela? Ez. Horrek esan nahi du Sarek bere zeregina amaitutzat emango duela? Ez. 2027tik aurrera ez ditugula mobilizazio gehiago antolatuko? Ez. Kalera atera beharra badago, aterako gara, noski! Sarek jarraituko du bere zereginean: euskal gizartearen gehiengo politiko, sindikal eta sozialarekin lanean, adostasunak erdietsiz eta guztion artean erronka nagusira eramango gaituen bidea egiten jarraituz.
Eta Madrilgo gobernuan aldaketarik balego? Ez dakigu zer etorriko den. Eta egia da, kontutan hartu beharreko aldagai bat dela. Baina aldi berean, ez dakigu ere egoera horretan zer pasa daiteken. Aurreratu dezagun ahal bezain beste prozesua, saiatu gaitezen ahalik eta gehien blindatzen etxerako bidea eta modu horretan zailagoak bihurtuko dira, egoera emango balitz, atzera urratsak.
Azken mezu bat?
Momentua da. Eta momentuak eskatzen digun tentsio eta arduratik jokatu behar dugula uste dut. Salbuespenezko espetxe politika, herri hau sufri arazteko sortu bazuten, herri honek lortu du, lortzen ari da, salbuespenak indarrean jarraitzen badu ere iraganari iskin egitea. Ordaindu dugun prezioa garestia izan bada ere, gaur da eguna zeinetan, espetxe politika, ekuazio politikotik kanpo utzi beharra dugun. Partida irabazbidean dugula esatera ausartzen naiz, ez dutelako herri hau alde horretatik makur arazi. Eta hori, esan eta balioan jarri behar da etengabe.
Dei bat luzatuko nuke beraz. Datozen hilabetetan zabal dezagun txoko guztietatik mundura urtarrilaren 9an Bilbon eginen den mobilizazioaren leloa: Helmuga denak etxera! Hori delako gure azken helmuga. Herri honek bizi duen gatazkaren ondorioen konponbidea lortu eta preso edo erbesteraturik gabeko Euskal Herriari ateak parez pare irekitzea, guk gure belaunaldietatik jaso duguna baino herri hobeago bat utziz datozen belaunaldiei.
