Iruñeko Udalaren euskararekiko utzikeria lan deialdietan
Administrazioan Euskaraz Taldea
2026-ko maiatzak 25
Iruñeko Udalak 2024ko urtarrilean hasi zuen aro berria. Lau egun lehenago zentsura mozio baten bidez, EH Bilduk kendu zion alkatetza UPNri eta gobernu talde berria osatu zuten EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo Zurekin alderdiek.
2027ko maiatzean udal hauteskunde berriak eginen dira. Agintaldi honetako azkeneko urteari ekin baino lehen, bilana egin nahi dugu lan deialdiei dagokienez.
Lanpostuak modu finkoan betetzeko edo zerrendak osatzeko lan deialdiak 69 izan dira. Bost deialdietan euskaraz jakitea eskatu da. Kopuru txikia da, baina plantilla organikoaren ondorioz da horrela. Hor lanpostu elebidunak (euskara/gaztelania) % 5’34 dira (haur eskolak kontuan hartu gabe).
Gainontzeko 64 lan deialditik 62tan euskara ez da kontuan hartu. Behin puntuatu zuen, Poliziaren Legeak behartuta. Babes Zibileko laguntzaileak hartzeko ere puntuatu zuen (sanferminetarako, hau da, 8 egunerako).
Balantzea penagarria da. Barcinaren eredua aplikatu du gobernu berriak: Oposizioak egitea, euskara ez baloratzeko (oposizio-lehiaketetan merezimenduak baloratzen dira; ez, ordea, oposizioetan). 1979tik gutxitan eta gutxi puntuatu da euskara Iruñeko Udalean. Yolanda Barcinak % 5 puntuatu behar izan zuen A eta B mailetan, Euskararen Ordenantza aldatu zen arte. Oraingo gobernu taldeak marka guztiak apurtu ditu, nahiko zaila bazen ere.
Plantilla gaztelaniadun elebakarra osatzen joan da. Horrek nahitaez eragiten du euskaldunon hizkuntz eskubideak urratzea Udalarekin ditugun hartu-emanetan. Egin behar ez denaren eredu izan da. Iruñea hiriburu izanik, eremu mistoko beste udaletan goiz ala berandu horrek eragina izateko arriskua zegoen.
Halaxe gertatu da. Zizur Nagusiko eta Burlatako Udalak eredugarriak izan dira, euskara puntuatzeari dagokionez (jendaurreko lanpostuetan euskara % 10 puntuatzen zuten eta gainontzeko lanpostuetan % 5). Orain, Zizur Nagusian eta Burlatan hasi dira oposizioak egiten (ez oposizio-lehiaketak), eta, beraz, euskara ez puntuatzen. Bi udal hauek administrari-ofizialen zerrendak osatzeko deialdiak egin zituzten apirilean eta euskara ez zuten kontuan hartu, nahiz eta jendeari arreta emateko lanpostuak izan. Merituen Dekretuaren irizpide murriztaileak, euskararen aurkako epaileen oldarraldia, PSOEren eragina izan daitezke beste arrazoi batzuk, baina hiriburuko Udalaren eredu txarrak ere eragina izanen zuen, ispilua da-eta.
Kezkaz eta harrituta ikusten dugu bilakaera hau. Zertan ari dira alderdi abertzaleak?
