“BASAJAUN. Egiaren bila” ikusentzunezko proiektua aurrera eramateko diru bilketa abian jarri dute Etxarri Aranatzetik
2026-ko apirilak 1
“Arghitzen” torturak Sakanan izan duen eraginaren inguruko dokumentala bultzatu eta gauzatu eta gero, beste egitasmo bati ekin diote Etxarri Aranatzeko hainbat lagunek, Palomo Filmak taldearen baitan. Oraingo honetan Josu Zabala Salegiren heriotza ikertuko dute. Zabala (Basajaun ezizenarekin ezaguna zena) ETAko militantea zen. Etxarrikoa jatorriz, 1997an hilik aurkitu zuten Itziarren. Bertsio ofizialak bere buruaz egin zuela ziurtatu bazuen ere, zalantzak eta gerra zikinaren salaketak nagusitu ziren berehala.
Hala ere, ikerketa ofizialak ez du inoiz lortu bere heriotza argitzea, eta familia, lagunek eta hainbat eragileek egia aldarrikatzen jarraitu dute urte guzti hauetan. Orain, dokumental honekin zerbait berria aurkitzea eta gertatu zena argitzea espero dute proiektuaren bultzatzaileek.

“Basajaun 1997 garapen fasean dagoen dokumental bat da, Josu Zabala Salegiren heriotzari, haren inguruan bizirik dirauen memoriari eta haren kasuaren inguruan oraindik irekita dauden galderei buruzkoa”, azaltzen dute Goteo webgunean martxan jarri duten diru bilketan.
Proiektua “tentsio oso zehatz batetik” abiatzen dela esplikatu dute. Bertsio ofizialaren aurrean, haren familiak oraindik ere aldarrikatzen du egia, eta dokumentalak ikerketa, memoria eta testuingurua uztartzen dituen begirada zinematografikoa proposatzen du, sentsazionalismora edo sinplifikaziora jo gabe.
“Gure helburua obra zorrotz, sentiber eta independente bat eraikitzea da, Josu Zabalaren kasua esparru zabalago batean kokatzeko gai izango dena: egiari, galerari, biktimen irudikapen publikoari eta denborarekin inposatu diren kontakizunak berrikusteko beharrari buruzko gogoeta batean, hain zuzen ere”, nabarmendu dute.

Ikerketa saiakera bat
“Basajaun 1997” proiektua ikerketa eta memorian oinarri sendoa duen sorkuntza-dokumental luzea izango da. “Beste proiektu batzuetatik bereizten da, ez delako asmo informatibo huts batetik abiatzen; aitzitik, zabaldutako irudiak, bertsio ofizialak eta bertsio hori oraindik zalantzan jartzen dutenen esperientzia elkarrizketan jartzeko beharretik sortzen da”.
Proiektuak dokumentazio-lana, tratamendu zinematografikoa eta esku-hartze kulturalerako borondatea uztartzen ditu. “Gure helburua ikuspegi zorrotz, neurtu eta ulerterraza eskaintzea da, hizkera periodistiko hutsaren eta gehiegizko dramatizazioaren artean erori gabe. Filmak nortasun bisual propioa du oinarri, eta narrazioak galderak ireki nahi ditu, ez modu artifizialean itxi.”
Zer gertatu zen 1997ko Korrikaren amaieran Bilbon?
Berriki, Josu Zabalaren familiak agerraldia egin zuen eskaera zehatz batekin: 1997ko martxoaren 23an Bilbon Korrikaren amaiera izan zen festaren inguruan zerbait arraro ikusi bazuten, haiei helaraztea. Egun hartan, Josu Zabala eta Iñaki Bilbao ETAko militanteak Bilbon zeuden, kasualitate hutsez Korrikaren amaiera zen egun eta ordu berean. Iparraldetik zetorren bitartekari batekin hitzordua zeukaten La Tortilla tabernan, eguerdiko 12:00etan. Iñakik inguruak zaintzen zituen bitartean, Basajaun La Tortillara abiatu zen kontaktuaren bila. “Ez dakigu barrura sartu zen edo ez, baina kontaktuarengana ez zen aurkeztu, eta honek alde egin zuen denboratxo bat igaro ostean”, azaldu zuten orduan. Iñakik, bitartean, elkartzeko ezarri zuten lekuan itxoin zion, baina hara ere ez zen agertu Basajaun. Orain arte uste izan da operatibo polizial sekretu batek harrapatu zuela Josu egun hartan, La Tortillara iritsi baino lehen, informazioa ateratzeko. Baina orain lekuko bat agertu da, handik bi ordura Josu ikusi zuena Arenal inguruan, oinez urduri, bizi-bizi. Horrek beste hipotesi batzuk ireki dizkio kasuari: operatiborik ez zegoen; haren jarraipena La Tortillan bertan hasi zen, ustekabean, ziurrenik, denboran luzatu egin zen, eta haren bahitzaileak inprobisatzen aritu behar izan zuten. Prentsaurreko horretan laguntza eskatu zuten jakiteko ea norbaitek ikusi zuen Josu egun hartan eguerdiko 12:00en ostean. Edo norbaitek ikusi zuen atxiloketaren bat, edo zerbait arraroa. Oroitarazi zuten Josuk 1,95 neurtzen zuela, argala zela, eta ile motza zeraman. Bestetik, Josuk eta Iñakik gordetzeko euren pisua zeukaten arren, bakoitzak zeukan, bere aldetik, gordeleku propio bat, segurtasunagatik besteak ez zekiena, larrialdiren bat gertatuz gero. Basajaunek zeukan pisu hori aurkitu nahi dute.
