Burutzen izendapenak: Gobernu berria, modu zaharrak

2015-ko irailak 23

Funtzio publikoko arduradunen izendapen oldeak Nafarroako herritarrek gehiengoz bozkatutako aldaketa soziala, ekonomiko eta politikoa gidatzeko egungo Nafarroako Gobernuaren gaitasunaren gaineko mesfidantza areagotu du. Mantendu dira, edo goititu, aurreko UPNren gobernuarekin konprometiturik zeuden Hezkuntza Departamenduko goi kargu asko, Osasun Saileko burutzak emendatu dira azken hamarkadetako kudeatzaileak birkokatzeko, eta Administrazioko gainerakoan zurrumurru eta ezusteko egitura aldaketen olatuak bata bestearen atzetik etortzen dira, hori dena garai berriekiko konprometiturik dauden pertsona batzuen izendapenarekin tartekatua.

Lau alderdien arteko Gobernu Itunaren edukiak egungo Sailburu zenbaitek irakurri ez dituztela badirudi. Hau da: "Bultzatu, dagokion hausnarketaren ondoren, aldakuntza demokratikoa Foru Administrazioan, profesionaltasun, gaitasun eta eraginkortasun irizpideetan, herritarrei irekitzean eta funtzio publikoaren jardueran funtzionarioen parte hartzean oinarriturik funtzionatu dezan."

Itun berak horrela dio: "Dauden Burutza eta Zuzendaritzen azterketa orokorra eginen da, ezin izanen delarik Zuzendaritza edo Burutza bat bera ere egon arrazoituriko funtzionaltasunari eta antolakuntza administratiboari erantzuten ez diona, edo bere menpe langilerik ez duena. Zuzendaritza ardurak, Zerbitzu Zuzendaritzak eta Idazkaritza Orokor Teknikoak, merezimendu eta gaitasunaren arabera esleitzea planteatzen da. Kargu horiek betetzeko izendapenak NAPIko Batzorde independente baten aurretiko, ez-lotesle eta hautagaien gaitasuna eta
egokitasunari dagokien txosten baten ondoren eginen dira".

Osasun sistemari dagokionez planteatzen da "kudeatzaileak merezimendu eta gaitasunean oinarriturik dauden prozesu gardenetan hautatuko direla bermatzea. Behar ez diren zerbitzu eta atal burutza guztiak desagertuko dira eta, edozein kasutan, horiek denak behin-behinekoak, proiektu eta helburuei lotuak eta barne promoziokoak izanen dira. Beste alde batetik, sistema publikoko profesionalak erabateko dedikazioan aritu daitezen
errazteko neurriak ezarriko dira, bateraezintasunak arautuz". Gobernuaren ekintzak izendapenei dagokienez itunean sinatuarekin talka egiten du.

LABek duela bi urte Nafarroako aldaketarako etorriko zen Gobernuaren administrazioko kudeatzaile berriek izan beharko lituzketen ezaugarrien gaineko hausnarketa egin zuen. Ardura karguak izanen lituzketen pertsonak lan taldean aritzeko gai, beren arduretan teknikari onak,
ondratuak eta ordura arteko politiken bestelakoak erabat bururatzeko gauza izan beharko liratekeela ondorioztatu genuen.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta lantzeko Nafarroako Administrazioko hamarnaka langilek ekarpenak egin zituzten, beharrezko aldaketaren funtzio publikoak nola izan behar lukeen irudikapen-ariketakolektibo batean. Beste gauza batzuen artean esaten zen Administrazioa profesionalizatu beharko litzatekela, bere goi karguak barne, merezimendu eta gaitasunaren irizpideetan beren izendapena bermatuz eta egiturak demokratizatu beharko liratekela. Administrazio Publikoak ahalik eta gutxien hierarkizatuko dira eta ordainsari aldeak mugatu beharko dira, ordainsari txikienak handituz eta handienak murriztuz. Administrazio ororen jardueraren oinarrizko ardatza ustelkeria eta faboritismoaren kontrako borroka izanen da.

Gauzak egun batetik bestera aldatzea ez dugu espero. Gobernuak denbora gutxi darama, baina lehendabiziko erabaki hauek, izendapen batzuei dagokienez, ez zaizkigu egoki iruditzen. Egoera iragankorra izanen dela espero dezagun eta ahalik eta epe laburrenean adostutako merezimendu eta gaitasun lehiaketak deitu daitezela izendapenak gauzatzeko eta pertsona
gaienak eta langileek aitortuak direnak izan daitezela, lanpostu horiek beteko dituztenak, behingoz atzamarrez egindako izendapenen aroari amaiera emanez.

 

Josu Alcalde, LABeko delegatua Nukleo administrazioan
Rosa Arnedillo, LABeko delegatua NPAAn
Alberto Mendillazo, LABeko delegatua Osasunbidean
Ana López, LABeko delegatua NLAnnkgi
Idoia Mugeta, LABeko delegatua Ogasunean
Karlos Ekiza, LABeko delegatua NKGIIn
Aitziber San Martín, LABeko delegatua Justizian
Gorka Bueno, LABeko delegatua Irakaskuntzan
Xabier Ardaiz, LABeko delegatua NEZn
Olga Aroz, delegada de LAB en el NFBIn
Ana Etxeberrria, delegada de LAB en el NOPLOIn

Gehiago