Hezkuntza komunitate LGTBIQ

2015-ko maiatzak 13

Maiatzaren 17an LGTBIQfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna da, hau da, lesbiana, gay, transexual/transgenero, bisexual, intersexual eta querrekiko fobiaren aurkako eguna.

Zoritxarrez, gure ikastetxeetan LGTBIQfobia normalizatu egin dugu, eta horren ondorioz garrantzia kentzen zaio lgtbiq ikasleek egunero pairatzen duten bortizkeria /bazterkeria askori, eta gazte kontua dela aipatzen dugu horren atzean izan daitezkeen ondorioak begibistatik aldendurik. Darabilgun hizkera adibide ezin hobea da ikusteko zein puntutaraino duen hainbatek, marimutil edo marikoi bezalako hitzak haren hiztegian sarturik. Hizkera hau ere LGTBIQfobikoa da, ezbairik gabe.

Bortizkeriak hamaika aurpegi ditu: mehatxu egiten denean, iraindu, pertsona gutxietsi, lagunengandik urruntzen saiatu… Bortizkeria psikikoa denean autoestimua bera kalteturik suertatzen da, ezertarako balio ez duen ustea sendotuz. Badira beste hainbat portaera, indarkeriatzat jotzen ez direnak, baina ezinegona eta mina sortzen dituztenak. Esaterako, genero estereotipoei ez jarraitzeagatik aditzen diren esamesak, txiste sexistak, txantxak, imintzio lizunak… Hauek guztiak ere bortizkeriak dira.

Hezkuntzan aniztasun afektibo-sexual eta genero aniztasunaren egoera aztertzek hainbat ikerketa egin dira . Jazarpen LGTBIQfobikoak duen hedadura aztertu da, bai eta lgtbiq ikasleek duten euren buruaz beste egiteko arriskua ere, eta atera diren ondorioak guztiz kezkagarriak dira; era berean, ondorioztatu da biktimaren eskubideak urratzen dituela, haren osotasun psikikoa eta fisikoa. Ez da, beraz, eremu pribatuko kontua, hezkuntza kontua da, kontu publikoa.

Hezkuntza komunitatea jendartea bezain anitza da. Ikasle, irakasle, irakasle ez diren langile eta familia LGTBIQren bisibilizazioa gero eta handiago da, eta horien guztien eskubideei trataera egokia eman behar zaie. Izateko eta besteen aurrean agertzeko eskubide osoa dute, eskubide berberak dituzte eta ikastetxeak honelako aniztasuna kontuan hartzen duela agerian utzi behar du. Garbi dugu hezkuntza sistemak aldaketarako eragile aktiboa behar duela izan. Lehenik eta behin ikastetxeen giroa zaindu behar dugu, ezin baitugu ahaztu inguru horretanbmugitzen direla beren sexualitatea eta genero identitatea garatzen ari diren gazteak, eta arraro ez sentitzen laguntzen duen ingurua sortu beharrean gaude. Gaiari bere osotasunean heldu behar zaio, eta aniztasunaren hamaika ezaugarriak agertu eta landu behar ditugu, eta aniztasunak aberasten gaituela pentsamoldetik ekintzetara pasatu.

Pertsona guztiek ez dute abiadura berbera onartze-prozesuan, eta bide guztiak ez dira zailtasun berekoak, baina hezkuntza komunitateak zerbait egingo badu, egoeraren azterketatik abiatu behar du, inguru hurbiletik, norberarengandik. Lehenengo zeregina izanen da aztertzea zertaz ari garen, zein hutsune egiten dugun gure eguneroko jardueretan, zeri ez diogun erreparatu, baina zuzendu nahi dugun; zer nolako ondorioak dituen esku-hartzeak edo axolagabekeriak… azken finean gure betebeharra ez ezik, gure zeregina ere bada aniztasunean oinarritutako hezkuntza ematea. Hezkuntzan ez dago esku hartze neutrorik, hots, egiten (ez) dugun orok bere ondorioak ditu.

Aurten, Maiatzaren 17ari begira, genero eta aniztasun sexuala lantzen laguntzeko Gidaliburua prestatu du STEILAS sindikatuaren LGTBIQ Taldeak, eta aldaketarako abiapuntu egokia izan daitekeelakoan gaude. Haren helburuetako nagusiak dira gutxieneko eskubideez baino, ezinbesteko eskubideez ari garela azpimarratzea, eguneroko jardueretan aniztasuna agertzeko hainbat adibide aurkeztea, eta berariazko prestakuntzaren beharra nabarmentzea; hortaz, benetan hezkidetzailea den hezkuntza emango badugu, hausnartu eta deus aldatu behar ote dugun ikusi behar dugu. Guregatik, hezkuntza komunitate osoagatik, aniztasunaren aldeko apustuagatik.

Gehiago