Unibertsitateko karpa eta susmoaren arrazializazioa

Salhaketa Nafarroa

2026-ko urtarrilak 2

Iruñeko unibertsitateko karparen inguruan gertatutako sexu-erasoaren kasuak argi erakusten du nola funtzionatzen duen sistema penalak hiru elementu elkartzen direnean: sexu-indarkeria, arrazakeria estrukturala eta populismo punitiboa. Ez gaude gehiegikeria puntual baten aurrean, ezta akats isolatu baten aurrean ere; aitzitik, erabat normalizatuta dagoen funtzionamendu-modu baten aurrean gaude.
Gertaera larriak izan ziren —sexu-eraso bat, zorroztasun osoz eta biktima erdigunean jarriz tratatu beharrekoa—, eta erantzun instituzionala berehalakoa eta muturrekoa izan zen: atxiloketa azkarrak, ia automatikoki ezarritako behin-behineko espetxeratzea eta hasieratik eraikitako erruduntasun-narrazioa. Abiadura hori ez zen neutroa, ezta kasualitatea ere. Susmagarriek jada arriskutsutzat jotako profil sozial batekin bat egiten zuten: gizon gazte pobreak, migratuak, arrazializatuak, asentamendu informal batean bizi zirenak. Froga erabakigarriak egon aurretik ere, jada bazuten gainean kondenaren pisu soziala.


Kasuaren osagai arrazista funtsezkoa da. Ez sexu-indarkeriak kolorerik duelako —ez duelako—, baizik eta sistema penalak susmoa arrazializatzen duelako. Sexu-erasoa, migrazioa eta jatorri magrebtarra automatikoki lotzea ez da hutsetik sortzen: iruditeria sakon errotu batean oinarritzen da, seinalatutako pertsonak beti berberak direnean kartzela erantzun ia automatiko bihurtzen duena. Zenbait subjekturi aurrez esleitzen zaie zigor-patua: zaindu, kontrolatu eta giltzaperatu. Zaila da irudikatzea hain erantzun azkar eta gogorra gertatuko zenik akusatuak gizon zuriak izan balira, etxebizitza egonkorra eta kapital sozial aitortua izango balute.


Iruñeko La Manadaren kasuarekin egindako konparazioa oso adierazgarria da. Hasieran behin-behineko espetxeratzea egon bazen ere, prozesua zalantzak, gertakarien minimizazioa eta biktimaren etengabeko zalantzan jartzea izan zituen ezaugarri. Hasieratik aztertu zen haren jokabidea, kolokan jarri zen haren kontakizuna, eta gertatutakoa abusutzat jo zen, ez eraso gisa, larritasun juridiko eta sinbolikoa murriztuz. Lehen epaiaren ondoren, akusatuak behin-behineko askatasunean geratu ziren helegiteak ebatzi bitartean, eta sistemak kezka nabarmena erakutsi zuen haien eskubide eta ospearekiko. Kontua ez da zigorraren gogortasuna handitzea eskatzea, baizik eta susmoaren eta sinesgarritasunaren banaketa sakonki desorekatu zela agerian uztea.


Behin-behineko espetxeratzea berriro ageri da praktikan den bezalakoa: modu selektiboan aplikatutako aurretiazko zigorra. Neurri kautelar gisa justifikatzen bada ere, bere ondorioak zigortzaileak, estigmatizatzaileak eta atzeraezinak dira. Ondoren ADN probek akusatuak baztertzen dituztenean, sistemak ez du automatikoki eragindako kaltea konpontzen. Neurria bertan behera uzten da, baina erreparazioa administrazio-bide luze eta konplexuen mende geratzen da. Kartzelan emandako denborak, hedabideetako esposizioak eta seinalamendu sozialak oso gutxitan izaten dute ordain proportzionalik.
Iruñeko Udalaren erantzun instituzionala ere esanguratsua da. Lehen egunetan isiltasuna eta muturreko zuhurtzia hautatu zituen. ADN frogak agertu eta atxilotutako gazteak errugabetu zirenean bakarrik atera zen gobernu-taldea oposizioari erantzukizun politikoak eskatzera eta dimisioak exijitzera. Erreakzio berantiar hori ez da kasualitatea: kaltea egina zegoenean iritsi zen, eta jarrera hartzeak kosturik ez zuenean. Jarrera benetan bermatzaile batek hasieratik egon beharko luke presente, ez errugabetasuna ukaezina denean soilik.


Punitibismoak arrazakeria elikatzen du, eta arrazakeriak punitibismoa indartzen. Ezkerra eta feminismo batzuk zigorraren logika —kartzela gehiago, gogortasun penal handiagoa, berme gutxiago— zalantzarik gabe bereganatzen dutenean, eskuin muturrari bidea errazten diote kasu bakoitza bere agenda seguritario eta xenofoboaren beste pieza bihurtzeko. Haien haserrea, gainera, selektiboa da sakonki: ustezko erasotzailea pertsona migratua denean bakarrik mobilizatzen dira, kasu horiek bozgorailu gisa erabiliz giro arrazista elikatzeko. Indarkeria estruktural baten ondorioz gertatzen diren emakumeen hilketen aurrean —beraiek etengabe ukatu edo minimizatzen duten indarkeria—, berriz, isiltasuna da nagusi.


Biktimen eskubideak defendatzeak ezin du esan nahi oinarrizko bermeak sakrifikatzen dituen eta bazterketa-egiturak indartzen dituen justizia-eredu bat onartzea. Kartzelak ez du konpontzen, ez du prebenitzen eta ez du hobeto babesten; kalte gehiago sortzen du, bereziki jada muturreko zaurgarritasun-egoeretan dauden pertsonengan. Aparatu penala zalantzan jartzen ez duen feminismoak indarkeria instituzionalen legitimatzaile bihurtzeko arriskua du.


Kasu honetatik atera daitekeen ikasgai politikoa argia da: errugabetasun-presuntzioak ezin du pribilegio zuri edo klase-pribilegio izan. Zigor-gogortasun handiagoaren etengabeko eskariak ez du zerikusirik bizitza eta askatasunak babestearekin. Gatazka sozialen aurrean kartzelan sinesten jarraitzea zalantzan jartzea, gaur inoiz baino premiazkoagoa da.

Gehiago