Izan gaitezen

2015-ko urtarrilak 21

Askotan entzun izan dugu, jende askok esana, euskararen alde dagoela baina toki guztietan gazteleraren presentzia bermatu behar dela denok uler dezagun.

Nork ez ditu ulertzen bazkari, afari, kontzertu, eraso eta horiek bezalako hitzak? Norbaitek ez baditu ulertzen, agian poltsikorako hiztegia erosteko ordua heldu zaio, edo ondokoari galdetzekoa.

Benetan euskara sustatu nahi badugu, begi-keinua gaztelerari egin beharrean, euskarari egiten hasi beharko genuke.

Gurasoen kasuan, oso ongi dago seme-alabak D eredura eramatea, baina euskara sustatu nahi izatea askoz haratago doa. Ama eta aita euskaldun askok gazteleraz egiten dute arrazoi ezberdinak direla eta, baina hori bai, gero haurrari errieta botako diote ikastolako lagunekin gazteleraz egiten duelako. Koherentzia piska bat, mesedez.

Bestetik, herri mugimenduan mugitzen garenok mila lelo eta mila festa asmatuko ditugu euskara sustatzeko aitzakiarekin, baina kartelak euskaraz eta gazteleraz egingo ditugu eta festetan gaztelera belarrietatik aterako zaigu.

Ez dakit zuek, baina ni Txinara joaten banaiz eta Txinako folklorearen inguruko hitzaldi batera joatea erabakitzen badut, ez dut txinatarra ez den beste hizkuntza batean egiteko eskatuko.

Utz diezaiogun harriak gure teilatura botatzeari, otoi.

Gehiago