Podemos eta antimilitarismoa
2014-ko abenduak 2
Podemos alderdiak kuku egin omen dio mugimendu antimilitaristak ekartzen duen bideari. Hala esan omen zuten Circulo Fuerzas Armadas horretatik: alderdiak uko egiten ziola eztabaidari, behin betiko. Bestalde, armadari buruz galdetuta, Pablo Iglesiasek esan omen zuen zergak igoko lituzkeela Defentsa Ministerioarentzako, Armadak eskubide sozialak bermatuko balitu. Eta azkenik, Cadizeko Rotan ez zuten parte hartu OTANen kontrako martxan lanaren kontuaz argudiatuta. Horiek guztiek zalantza asko sortu didate Podemos alderdiaren gainean.
Euskal Herrian, gutxienez, militarismo gutxiago behar dugu, bake prozesuak hala eskatzen duelako. Gogoko genuke prozesu hori desmilitarizazioren bidean paratzea: estatu zein oposizioko botere guztion desagerpenean. Podemos, aldiz, finkatuko luke indar armatua Euskal Herrian? Zer irizten dio Jaime Domínguez Buj jeneralak eginiko militarren lehen ohar hori?, aurreko egunean bota ziguna: “los Ejércitos deben estar preparados para intervenir en la forma en que el Gobierno decida”, ya sea tanto “en el interior” como “en el exterior”. Zalantzak.
Ulertzekoa da Armadako soldadu batzuk kasta militar delako horren kontra errebelatzea, kokoteraino ba omen daudela agintari militar batzuen esanetan egoteaz morroi-mutilak balira bezala (beti bezala); baina horretatik eztabaidari muzin egiteraino bada alde handi bat. Zerbaiti behin betiko uko egiteak itxura ezaguna du: marxismoa behin betiko muzin egiteari bezalakoa edo klase-gatazkari, PSOEK egin zuen moduan 78ko erregimenaren mesederako. Alderdi guztiek bezala, Podemosek ere botuen inguruko kalkulu hotzak egiten ditu ideia eta pertsonak gaindituta?. Horrek esan nahiko luke ze, soldaduak zenbatuta eta antimilitaristak gehi bakezaleak zenbatuta, azken hauek gutxi garela eta intsumisioaren garaiak ez zuela ezertarako balio.
Iglesiasek esan omen zuen OTAN-en barnean egoteari buruz galdetuko luketela, dirudienez, erakunde horrek duen politika gogokoa ez duelako. Baina, Rotan bezala, erakunde horrek lanpostu asko sortzen omen ditu, beraz, kanpo ala barne?. Nafarroako Podemosek Bardeetako Tiro-Gunearen aurkako martxan parte hartuko al du? Edo Madrilen galdetu baharra daukate, Nafarroan duten ordezkariak aurreko egunean esan zuen moduan?. Horretaz ari garela, Podemosen espezialistek, Vicenç Navarro eta Juan Torres López, gastu militarrak bere lekuan paratu dituzte beraiek eginiko proposamen ekonomikoan, ez justu gastu sozialetan, Pablo Iglesiasek bezala edo Pedro Morenesek bezala, Defentsarako ministroa berau. Baina, antimilitariston eta bakezaleon eragozpen fiskala onartuko al lukete adituok?. Azken finean, errenta aitorpen hori OTAN-i buruzko bakoitzaren botoa baino ez da. Onartuko luke Iglesiasek?
Armada pozik egonen da Podemos alderdiarekin, azken finean, alderdi horrek, dirudienez, ez du hankaz gora sustantziazko ezer jarri nahi, ez du armadaren desagerpenaz eztabaidatuko, bakezale belarjale eta aspergarri horiek egiten duten bezala. Bakea, bakea, bakea… ez dira sekulan aspertzen!!. Militaristok, aldiz, gerra behar dugu: tankeak, misilak, negozioak…; nork agintzen duten jakin dezaten, gure Zibilizazioaren benetako interesak zeintzuk diren jakin dezaten. Etsaiak behin betikoak baitira, zeren gezurra da pax romanatik haratagoko elkarrizketak ahalezkoak direla. Eskerrak munduak ez duela imaginazio moral handirik! Armadak indarkeria zilegiaren printzipio sakratua eta errealista ekartzen du, eztabaidaezinezko erregimena baita hori eta puntu, kontrakoa pentsatzen duen hori terrorista baino ez da izanen, nahiz eta terrorista zuria eta sasi bakezalea izan. Utz dezagun militaristok balizko armada askatzailearen gaineko imaginarioa betetzeari ekin diezaioten Podemos hippy sinpatiko horiek, eta, ez dezagun utz etorkizunezko bakearen ontzi hutsa bete dezaten; bakebidea herriaren hitza izan daitekeelako eta hori, betiere, arriskutsua izan daiteke gure misiorako.
Gorrotatzen dut bidelagunarekin “behin betiko” ados ez egotea: eta bakezaletasun askatzailearen inguruan edo desobedientzia zibilaren inguruan eztabaidatuko bagenu? Podemos alderdiak uste du ahal dugula, helduak garela demokrazia zuzeneko mekanismoak gure gain hartzeko, gauzak aldatzen ahal dugula; baina, izatez, Armadak dagoeneko ez al du eztabaida bahiturik?. Zalantzak.