HATORTXUROCK Hiltzeko jaiotako jaialdia
"HTXrock, hiltzeko jaiotako jaialdia" 40 minutuko lan honetan jaialdiko antolatzaile eta boluntarioak, preso baten senide bat eta HTX20 jaialdian aritu ziren musikari batzuk hartu zuten parte. Uztailaren bukaeran Lakuntzan izanen den elkartasun jaialdi hau ezagutzeko aukera paregabea izanik, erreportaje berezi hau berreskuratzen dugu.
2025-ko uztailak 20
“HTXrock, hiltzeko jaiotako jaialdia” izenburuak esanahi berezia zuen. Hatortxu Rock beste edizio berri bat ez egiteko asmoarekin sortutako jaialdi bat da, euskal presoen etxeratzea lortuz gero, jaialdiaren amaiera izango zen. 30. edizio honek HTXren bukaera suposatzen du, eta helburu hori lortzeko oso gertu gaudela diote antolatzaileek.
Erreportai honetan HTX20ko antolakuntzan parte hartu zuten arduradun eta boluntarioak agertu ziren. Zuriñe Hidalgo (garai hartan Hesian taldeko abeslaria), Sorkun eta Francis (Doctor Deseo) musikarien iritziak ere jaso ziren. Espetxe politikaren errealitatea erakusteko Edurne Irazu eta Ibon Esteban euskal preso politiko ohiaren testigantzak jaso ziren. Biek, bakoitza harresiaren alde batetik, euren bizipenak kontatu zizkiguten espetxera bisita bat egitera egindako bidaia batean. Hatortxu Rockek euskal preso eta euren senideekiko elkartasun ahalegin kolektiboa suposatzen du, eta Ahotsa.info-k lan zinematografiko honetan “hiltzeko jaiotako jaialdi” honen atzean zer dagoen bildu nahi izan zuen.
