Perotx, Nafarroako Pirineoan XVIII. mendeko etxe bat berreskuratzea despopulazioari aurre egiteko

Adoaingo herrian kokatzen den kultur proiektu komunitario honek crowdfunding kanpaina bat abiatu du gutxienez 22.373 € lortzeko abandonatutako etxe hau biziberritzeko.

2025-ko ekainak 27

Perotxen historia hurbila, proiektu gisa, 2023ko irailean hasten da, kasualitate eta bihozkada indartsu baten ondorioz. Gure talde eragileko kide den Iñigo Martínez Monasteriok ustekabean aurkitu zuen Nafarroako Gobernuak enkante publikora aterako zuela Perotx, interes kulturaleko eraikin bat, Adoainen kokatua, Urraul Goitin. Haranarekin duen loturak eta eskualdearekin duen familia-historiak bultzatuta, Iñigok enkantean parte-hartzea eta eskaintza egitea erabaki zuen, horretarako lagunekin harremanetan jarri zelarik sustengu bila. Iragarpen guztien aurka lortu zuten etxea esleitzea. Enkanterako jada martxan zen Azpikari bioekintzailetza egitasmoa baliatu zen, eta berehala Pardixe Erangintza mikrokooperatiba berria sortu zen, bien egoitza Adoainen kokatuz. Horrekin, abian jarri da 20 urte utzita daramatzan eraikin baten berreskuratzea.

Perotx XVIII. mendeko harrizko etxea da eta Urraul Goiti haran ederrean kokatua dago, Nafarroako haran despopulatuena. Hain zuzen ere Adoain herrian. Bertako azken biztanleak 93 urte bete ditu eta zonaldeko memoria biziaren zaindaria da. Proiektu hau duela bi hamarkadatik abandonatuta dagoen ondare material bat berreskuratzeko asmo sendoarekin sortu da.

Etxea Nafarroako Kultura Ondarearen Erregistroan inskribaturik dago “tokiko garrantzia duen ondasun” gisa. Era berean, Perotx sormen-zirrarak landagunean egitasmoa abian jartzeko lehen urratsa da: landatartasun berrien inguruko lankidetzarako, ikerketarako eta sorkuntzarako gune bat. Bada ere, despopulazioaren aurkako borrokarako zein hiri eta landa eremuen arteko harremanen hausnarketarako gune bat ere. Jarduera kulturala eta sorkuntza eraldatzailea ardatz hartuta, proposamen berritzaile honekin jakintzak berreskuratu eta sortu nahi dituzte, baita esku-hartze eta asaldura komunitarioa eragin ere.

fachada-perotx.jpg

2005ean behin betiko itxi zuten arte, Perotx elkartzeko gunea izan zen. Bertan, udako kanpalekuak, kirol-jarduerak eta herri-ospakizunak egin ziren. “Gure funtsezko helburuetako bat funtzio kolektibo hori berreskuratzea da. Berriro ere elkarbizitzarako leku bihurtu nahi dugu, belaunaldien arteko lankidetzara irekita egoiliarren eta biztanleria intermitentearen artean (haranetik migratutako pertsonak asteburuetan edo udan itzultzen direnak). Perotx berriro taupaka hastea nahi dugu, komunaltasun eta bizitza partekatuaren nukleo gisa, eskualdearen berreskurapen kultural, sozial eta emozionalerako funtsezko elementu gisa”, adierazi dute proiektu honen bultzatzaileek abiatutako diru bilketaren kanpainaren webgunean.

Baina birgaitze hori ez da Perotxek iraganean izan zituen erabilerak berreskuratzera mugatzen; aitzitik, eraldatu egin behar da, proiektu kolektibo berri bat hartzeko. Zentzu berri bat emateak espazioa egungo beharretara egokitzea dakar – eta indarrean dagoen legeriara –, erabilera segurua, irisgarria eta ingurunearekiko errespetuzkoa bermatuko duten hobekuntzen bidez. “Perotx leku zaindua eta irekia izatea nahi dugu. Pertsona guztiek parte hartu ahal izan dezaten eta lasaitasunez sortu ahal izan dezaten bermatu nahi dugu. Beren jarduerak segurtasunez eta ongizatez garatzeko beharrezko baldintzak bete beharko dira. Prozesu osoa ikuspegi jasangarri eta ekologikotik planteatzen da, material naturalak, eraginkortasun energetikoa eta lurraldearen memoria eta erritmoak errespetatzen dituzten praktikak lehenetsiz”, azpimarratu dute.

250.000€ko aurrekontua

Perotx etxearen birgaitzearen guztizko aurrekontua 250.000 eurokoa da eta nahiz eta hainbat instituzio publikoen dirulaguntza izan, herritarren bultzada ere beharko dute. “Laguntza horrek funtsezko baldintza bat du: 2026ko apirila baino lehen gauzatu behar dugu proiektu osoa. Horren ondorioz, crowdfunding-kanpaina hau abiarazi dugu, aurrekontuaren zati bat osatzen lagunduko diguten ekarpenak batzeko, kanpo-finantzaketa ahalik eta txikiena izan dadin eta egitasmoaren bideragarritasuna ito ez dezan. Crowdfunding kanpaina honetarako gutxieneko aurrekontua 22.373 eurokoa da, eta egokiena, 75.412 eurokoa“.

descripcion.gif

Nafarroako bailara despopulatua

Nafarroako Gobernuak eta beste hainbat gizarte eragilek Urraul Goitiko bailarari aitortzen diote despopulazioaren muturreko arriskua. Bailarako 12 udalerrietan 133 pertsona baino ez daude erroldatuta. Alta, 60 baino ez dira benetan haranean bertan bizi. Horrek belaunaldiak berritzeko ezintasuna iragartzen du, bailarako biztanleria hamarkada gutxiren buruan erabat desagertuko baita.

“Despopulazioaren muturreko arrisku horri beste hutsune-mota bat gehitu behar zaio: lurraldean apenas emakumerik ez egotea. Nafarroako maskulinitate-indizea 98koa den bitartean, hemen 189koa da, giza paisaia erabat desorekatua marraztuz. Desoreka hori ez da soilik datu estatistiko bat, baizik eta oztopo isil bat, eguneroko bizitza mugatzen duena, zaintza-sarea ahultzen duena, aukerak pobretzen dituena eta sustrai desberdineko etorkizuna irudikatzeko aukera geldiarazten duena. Despopulazioa, zaharkitzea eta maskulinizazioa berrelikatu egiten dira, pertsonak ez ezik, haraneko jakintzak, harremanak eta oroimena ere ezabatzearekin mehatxatzen duen zikloa betikotuz”, nabarmendu dute.

Eta errealitate horri buelta eman nahi diote proiektu honekin. “Izan ere, despopulazioak, herri horiek izan zirenaren aztarnak ezabatzeaz gain, munduan egoteko beste modu batzuen memoriak eta jakintzak galarazten ditu. Bide berriak marrazteko aukerak eskain lezaketen memoriak eta jakintzak”.

motivacion-1.gif

Konpromiso soziala, konpromiso kulturala, lurraldearekiko konpromisoa

Horregatik, laguntza ekonomikoaz gain, kanpaina hau lurraldearekin, kultura biziarekin eta mundua bizitzeko modu jasangarriekin konprometituta dauden pertsona guztiak eraikuntza-prozesu betean dagoen komunitate batean parte hartzera gonbidatzeko aukera gisa planteatzen dute. “Zuen parte-hartzeak, kofinantzatzaile gisa, Perotx birgaitzea ahalbidetzeaz gain, etortzeko dagoen guztia kolektiboki ehuntzen lagunduko digu”.

Izan ere, Perotxen atzean proiektu-marko bat dago, “aukeren edukiontzi bizia“, 2024ko udan egin zen lehen lan kolektibotik sortua: Perotx: sormen-zirrarak landagunean. Lurraldeko gizarte-, kultura- eta ekonomia-ehuna indartzeko eta haren inpaktua haranetik harago proiektatzeko gai diren proposamenak jasotzeko sortutako proiektua. Hala nola, ibarra biziberritzeko ekimen posibleak aztertzea, memoria eta jakintza tradizionalen berreskurapena, eskualdeko euskararen berreskurapena eta erabilera aktiboa indartzea, egonaldi artistikoen eta sortzaileen jardueren programa egonkor bat sortzea…

equipo-2.gif

Gehiago