UGTk aukeztutako helegite baten ondorioz, euskara ez da merezimendu izango Unibertsitatean
Iruñeko Administrazioarekiko Auzietarako 2. Epaitegiak ontzat jo du UGT sindikatuak jarritako helegitea eta, ondorioz, euskara ez da merezimendu izango Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Tuterako kanpusean lan egiteko. Aldiz, alemana, frantsesa eta ingelesa bai. "Atzerriko hizkuntzak baloratzen dira, Nafarroako berezko hizkuntza, ez", salatu dute talde eta sindikatu euskaltzaleek.
2025-ko maiatzak 22
Gaur NUPeko Iruñeko campuseko liburutegi aurrean egindako elkarretaratzean, Euskalgintzaren Kontseiluak, NUPeko Euskara Taldeak, eta LAB eta ELA sindikatuek epaitegien erabaki erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa salatu dute.
“Euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia ez da soilik judiziala, sindikala eta politikoa ere bada, are, ideologikoa. Azken boladan Europa mailan indartzen joan den olatu erreakzionario eta atzerakoiaren parte da, berdintasunaren, justizia sozialaren eta giza eskubideen aurrerabidea oztopatzea helburu duena”, esan dute NUPen egindako elkarretaratzean.
Talde eta sindikatu hauen ustez “botere judizialak erabaki du euskararen sustapenaren aldeko hizkuntza politikek noraino egin dezaketen aurrera” erabaki honekin. “Euskarak hiztun gutxien dituen eremuetan ezin daiteke baloratu, aldiz gehiengoaren hizkuntza denetan ezin daiteke eskatu, “diskriminatzailea” omen delako. Batean zein bestean, helburua bakarra da: gaztelaniaren nagusitasuna defendatzea kosta ala kosta”, gehitu dute. 97/2024 Foru Dekretua, Merezimenduen Dekretua bezala ezaguna dena ere salatu dute, Nafarroako herritarrak eta euskara bera “mespretxatzen eta gutxiesten” dituelako.
NUPeko Euskara Taldeak egindako azken inkestaren arabera, ikasleen % 85ek uste dute unibertsitatea ez dela behar bezala ahalegintzen euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko eta, kasu honetan bezala, norabide horretan gutxieneko ahalegin bat egiten denean, epaitegiek atzera botatzen dute.
“Dena den, auziaren oinarrian 1986ko «Vascuencearen» Foru Legeak ezartzen duen hizkuntza zonifikazioa dago, Nafarroa eta nafarrak hiru eremutan bereizi zituena, bizitokiaren arabera herritarrei eskubide ezberdinak aitortuz”.
Lege, dekretu eta erabaki judizial guzti hauekin Nafarroako herritarrei euskara ikasi eta euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen zaiela salatu dute, eta euskararen ofizialtasuna aldarrikatu dute. “Ofizialtasunak ez liokeela inori ezer inposatuko, milaka herritarrei eskubideak aitortu baizik. Hala ere, ia 40 urte ondoren, ofizialtasunaren auzian ez da aldaketarik eman Nafarroan. Hala ere, UPN gobernutik kanporatu eta 10 urtera, ofizialtasunaren auzian ez da aldaketarik eman Nafarroan. Euskarari ez zaio «Aldaketa» iritsi”.
