“Goazen lagunok”, fedibertsoa indartzera goaz sare toxikoen inguruko eztabaida pizteko

Twitter eta gainontzeko sare sozial kapitalistei bizkarra eman eta fedibertsora salto egitea bultzatzen duen kanpainak gaur jarri da martxan. Hamarka komunikabide, eragile sozial eta politikoek bat egin dute "Goazen lagunok" mudantza kolektibo honekin. Ahotsa.info dagoeneko presente dago fedibertsoan.

2025-ko urtarrilak 20

“Gu ere nazkatuta gaude sare sozial toxikoekin, beraz, auzo berri batera aldatu gara: fedibertsora.” Hala dio ekonomia sozial eraldatzailearen mundutik bultzatu den ekimen honek, fedibertsoa gaur egungo sare sozial kapitalistak alternatiba gisa aurkezten duena.

Internet “gizatiarrago, askeago eta kolaboratiboago” baten aldeko apustua eginez fedibertsoa sustatu eta indartu nahi duten erakunde, kolektibo eta pertsonek mudantza kolektiboa antolatu dute Trump EEBBko presidentzia hartzen duen egunean. “Bere jatorria ekonomia sozial eraldatzailearen ingurunetik dator, baina kooperazioaren, autonomiaren, jasangarritasunaren eta komunitate digital libreekiko errespetuaren balioekin identifikatzen diren pertsonengana hedatuz joan da”, azaldu dute.

“Internet gizatiarrago batean sinesten dugu, monopoliorik, algoritmo inbaditzailerik eta nahi ez den publizitaterik gabe. Pertsona guztien benetako konexioa, aniztasuna eta ongizatea lehenetsiko dituzten espazio digitalak eraikitzeko aukera da fedibertsoa”, aipatzen dute https://goazenlagunok.eus/ webgunean, non kanpaina honen inguruko informazio geihago aurkitu daitekeen.

Mastodon, fedibertsoaren ikur nagusia

Baina zer da fedibertsoa eta nola funzionatzen du? Fedibertsoa elkarren artean komunikatzen diren sare sozialen multzo bat da eta guztiek ActivityPub izeneko protokoloa erabiltzen dute. Hau da, fedibertsoaren edozein txokotatik fedibertsoaren beste txoko batzuk aukeratu dituzten pertsonak jarraitu eta haiekin elkarreragiteko aukera ematen duen lengoai komuna. Erraz ulertzeko, emailak bezala funtzionatzen du: zuk Gmailen posta-kontu bat baduzu, bere kontua bere unibertsitateko zerbitzarian duen lagun batekin idatz dezakezu, edo zerbitzari autogestionatu bat erabiltzen duen zure auzoko kolektiboarekin. Fedibertsoaren abiapuntua logika bera da: sare sozial federatuak dira, eta nahi duzun lekutik egin dezakezu bat horiekin, enpresa teknologiko ilunen mende ez egoteko.

iconos con redes sociales del fediverso

Mastodon fedibertsoko sare sozialetako bat baino ez da, Twitterrekin parekatu daitekena. Gehien erabiltzen delako aukeratu dute hara mudantza egiteko. Era berean, Mastodonen milaka zerbitzari daude. Bada jendea zerbitzariei instantziak deitzen diena, baina gauza bera da. Edonork (ezagutza tekniko eta baliabide pixka batekin) bere zerbitzaria munta dezake, edo kodea aztertu eta nahi bezala alda dezake, software librea delako. Zerbitzari bakoitza administratzaileek aukeratzen dituzten arauen arabera gobernatzen da. Batzuek modu asanblearioan funtzionatzen dute, eta erabiltzaile guztien artean erabakitzen dute nola konfiguratzen den, zer eduki moderatzen diren, etab. Dena delakoagatik, norbaitek zerbitzari bat muntatzen badu gauza maltzurrak egiteko (adibidez, spam edo eduki toxikoa argitaratzea), erantzuna erraza da: blokeatu egiten da, zure zerbitzariarekin komunikatu ezin izateko.

Euskal Herrian Mastodon.eus euskal komunitateak sare sozial libre eta deszentralizatu honetan bere espazioa izan dezan helburuarekin abiatu zen 2018an. Mastodon.eus hainbat eragileren arteko elkarlanetik jaio zen, denboran irauteko helburuarekin eta euskarazko komunitatearen inguruan sor daitezkeen bestelako instantziekin erkatzeko borondatearekin, baita, beronen inguruan eragile gehiago biltzen joateko asmoarekin ere.

“Fedibertsoa eraikitzen ari gara. Ez dauka sare sozial komertzialetan aurkitzen duzun hiperabiadura, dopamina edo eztabaida kopuru berdina. Eta ez da beharrezkoa, beste gauza bat delako: modu osasuntsuagoan eta gustagarriagoan topo egiteko, hitz egiteko eta harremanetan jartzeko espazio bat. Fedibertsoan lasai eta seguru gaude, eta merezi ditugun etorkizun digitalak elkarrekin eraikitzeko gaitasuna dugu”, esan dute Goazen Lagunok kanpainaren bultzatzaileek.

Mastodonez gain, Fedibertsoan sare eta tresna gehiago daude. Ziurrenik ezagunenak PeerTube eta Pixelfed dira, bideoak eta argazkia partekatzeko. WordPress-eko blogak fedibertsoaren parte izan daitezke, behar den plugina gehituz gero. Fedibertsoa.eus web-orrian mapa osatuagoa dago.

Eztabaida: Twitter utzi ala ez?

Hori da gaur egun hainbat komunikabide erredakzioetan eta eragileen erabaki guneetan dagoen eztabaida. Twitter sare ezaguna zertan eraldatu den eta era guztietako mugimendu erreakzionarioei ematen dien bultzada ikusita, askok erabaki dute beste esparru batzueetara mugitzea. Bluesky da aipatu den alternatiba. Plataforma sozial bat da, Silicon Valleyko enpresa batek garatua, eta kriptotxanpon eta big techeko inbertitzaileetatik datorren arrisku-kapitalari esker funtzionatzen du. Gaur egun, diseinatuta duten bezala, sare zentralizatu bat da: zure zerbitzari propioa munta dezakezu zure datuak ostatatzeko, baina kontuen direktorioa enpresarena da.

“Bluesky ez dela nahikoa internet benetan libre bat eraiki nahi dugunontzat. Dena ondo erabili nahi baduzu gustatzen zaizulako edo zure lagunak han daudelako, baina ez dirudi apustu politiko kolektibo ona denik”, aipatzen da Goazenlagunok.eus webgunean.

Ahotsa.info, Mastodonen

Ahotsa.info-k Twitter eta bestelako sare sozial kapitalistak utzi edo ez ez du oraindik erabaki. Eztabaida honetan kontutan hartu beharreko aldagai asko daude. Hala ere, aipagarria da komunikabide honek Mastodon.eus sarean kontu propioa duela 2018tik, eta azken boladan bultzada berezia eman dio, egunero informazioa argitaratuz. Gaur, Euskal Herriko komunikabide eraldatzaile eta euskaldun askok fedibertsoarekin bat eginen dute, eremu digital libre horri hauspo berria emanez.

Gehiago