Euskal Herriko Torturatuen Sarea herrialdez herrialde osatu eta gero ekitaldi nazionala eginen du otsailaren 15ean

2025-ko urtarrilak 15

Euskal Herriko torturatuak saretzeko orain dela urtebete sorturiko talde sustatzaileak jakinarazi du otsailaren 15ean Donostiako Kursaalen goizeko 9.30etan eginen duen ekitaldian Euskal Herri osoko torturatuak bertaratzeko asmoa duela, nazio batzarra egiteko.

“Frankismoaren garai ilunenetik hasita, eta kasik gaurdaino, milaka euskal herritarroi tortura sistematikoki jasanarazi eta aplikatu digute hainbat polizia gorputzek, euskal gatazkaren testuinguruan. Metodo krudel eta lazgarria, sei hamarkada luzez erabat operatibo egon den sistema oso baten babespean”, gogoratu dute. Eta horiei guztiei Kursaaleko batzar eratzailean parte hartzeko gonbita luzatu diete.

Pasa den urtean iragarri zuten Euskal Herriko torturatuak saretzen hasteko auzolan erraldoi bat hasiko zutela Nafarroan martxan dagoen torturatuen elkartearen eredua jarraituz. Azken hilabetetan Euskal Herriko hainbat eskualdetan aurkezpen batzarrak egin dituzte, eta osotara 700 torturatu baino gehiago elkartu dira mota askotako ekarpenak jasoz. “Eta saretze horren lehenbiziko mugarria otsailaren 15ean jarriko dugu, Donostiako Kursaalen egingo dugun Euskal Herriko torturatuen batzar eta agerraldi masiboan”, adierazi dute. Egun horretan ahalik eta torturatu gehien bildu nahi dituzte Donostian “Euskal Herrian torturak jasandako inor prozesu honetatik kanpo gera ez dadin”.

Iritsi da garaia

“Konbentzimendu osoz diogu iritsi dela garaia gure herrian torturatuen aitortza publiko, sozial eta ofizialerako; garaia dela herri honen kontra tortura modu sistematikoan erabili izan dela aitortzeko. Eta helburu hori erdieste aldera, subjektu gisa eratzeak, ahots propioa duen sare bezala gorpuzteak, berebiziko garrantzia izanen du aurrerantzean”, aipatu dute agerraldian.

Euren esanetan torturatuentzat “orain arte itxita egon diren aitortza eta erreparaziorako bideak” zabaltzen lagundu nahi dute hurrengo belaunaldiei “gertatu dena argitzea zor zaielako” hori baita “tortura desagerrarazteko modurik eraginkorrena”.

Zaintza mekanismoak

Bai Nafarroako Torturatuen Sarean eta baita Euskal Herriko sare berri honetan, zaintzaren beharra azpimarratu egin da, eta hori bermatzeko baliabideak jarri ere. “Badakigu torturaren zauriek bizirik dirautela gure gorputzetan, gure herriaren geruza sozialean; eta jakitun gara, prozesu hau martxan jartzearekin batera, zaintzaren esparruak berebiziko garrantzia hartu beharko duela ezinbestean. Horregatik, elkar- zaintzarako mekanismorik eraginkorrenak zeintzuk diren elkarren artean sortu eta eraiki beharko ditugu. Prozesu hori ahalduntze kolektiborako prozesu gisa erabiliz, elkarlotzen gaituen sufrimenduaren hari hori elkartasun sare bihurtzeko, eta pairaturiko sufrimendua indar askatzaile bilakatzeko”, esan dute.

Gehiago