“Ez goaz gerrara” mezu antimilitarista zabaldu dute NATOren gudak salatuz
2025-ko urtarrilak 6
«NATOtik ateratzea eta gatazkan parte hartzen duten alde guztiek gerra egiteari uztea». Eskaera hori egin dute gaur hainbat herritarrek, Donostiako Aiete jauregiaren aitzinean. Azaldu dute gerra «bat eta berbera» dela, baina «fronte eta esparru ugari» dituela. Horiei guztiei lotuta, hainbat eskari egin dituzte: Euskal Herriko udalek, diputazioek eta gobernuek «NATOrekin dituzten harremanak puskatzea eta horretarako lan egitea»; erakunde horiek ez dezatela «zergen zentimo bakar bat ere» jarri gerretarako; eta Frantziako eta Espainiako gobernuak NATOtik atera daitezela.
Gerrarik ez, ez gure izenean lelopean egin dute agerraldia, «herritar independenteak» direla azpimarratuta: «Ez gara kolektibo bat, herriko jende arrunta baizik». Manifestu bat irakurri dute euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz: «Munduan, Europan eta Euskal Herrian nonahi geroz eta gehiago entzuten ari gara hedabideen bidez gerra danborrak. Egoeraz jabetuta, hainbat herritar bildu gara». Azaldu dute gatazka guztietan «NATO eta haren bazkideak» daudela, beren interesak babesteko. Ordea, azpimarratu dute 1986an erreferendum bat egin zela Hego Euskal Herrian, eta «ezezko biribila» eman ziotela herritarrek NATOri.
Gerrak elikatzeari uzteko ere eskatu dute, gobernuek dagoeneko «milaka milioi euro xahutu» dituztela erranez. Izan ere, haien irudiko, aurrekontu militarrerako erabiltzen den dirua osasungintza, hezkuntza edo kultura pribatizatuz lortu nahi dute. «Herritarron erosahalmena eta ongizatea murrizten ari dira; gu pobretzen ari dira». Ildo horretan, soldaduskari ere erreparatu diote, eta horren kontra lerrokatu: «Herrialde batzuetan dagoeneko soldaduska berrezarri dute, edo baldintzak zorroztu dituzte, datozen urteotan Europan Errusiarekin gerra bat egongo dela argudiatuz».
Hedabideei erreferentzia egin diete, gehienek «alde bakarreko ikuspegia eta informazio lerratua» eskaintzen dutela erranez. Haien irudiko, komunikabideek «propaganda gerrazalea eta NATOren zuriketa» egiten dute. «Mugitzen ez bagara, laster gure seme-alabak ikusiko ditugu gerra frontetik hilda itzultzen NATOren uniformea jantzita».
Egoera «latz eta bortitza» ikusita, herritarrak mobilizatzera deitu dituzte, baita beren eskaerekin bat egitera ere.