Israelek hil dituen haur palestinarrak gogoan izanen dituzte Iruñean abenduaren 28an

Yala Nafarroa eta BDZ ekimenek egin dute deialdia, Baluarte Plazan eginen dena. Bestetik, gaur aurkeztu da Salam Gaza elkartea, Nafarroatik Palestinara laguntza eta baliabideak bideratzeko proiektua.

2024-ko abenduak 20

Iturria: Euskalerria Irratia

Beste alde batera begiratzeari uzteko, konplize izateari uzteko eta genozidioaren ondorioak pairatzen dituzten herritarrekiko elkartasuna adierazteko ekitaldia prestatu dute Yalah Nafarroak eta BDZ ekimenak. Banan banan, 30 orduz irakurriko dituzte Palestinan Israelek hil dituen 16 urtetik beherako haurren izen-abizen eta adina.

Gaur gaurkoz, 18.000 dira datu ofizialean arabera Israelek hil dituen haur palestinarrak. Kultur, gizarte, kirol alorreko aurpegi ezagunek jarriko diete ahotsa izen horiei: Fermin Muguruza, Rozalen, Amparanoia… izanen dira, besteak beste. Abenduaren 28an, 11:00etan ipuin kontalaria izanen da lehendabizi. Diversa Crisek Palestinaren inguruko ipuinak kontatuko ditu. 12:00etan haur eta gazteei mural bat margotzeko aukera emanen zaie eta gero hasiko da irakurraldia.

Baluarteko plazan eginen dute. Irakurraldia oihalez ondutako kutxa baten barruan eginen dute. Modu horretan islatuko dute Gazak bizi duen setioa. “Emozioak eta amorrua adierazteko modua izanen da erail dituzten haurren izenak ahoskatzea. Egoera ez dadin normalizatu, ez dezagun normalizatu”, adierazi dute antolatzaileek.

Salam Gaza, zubi bat Nafarroa Palestinarekin lotzeko

“Genozidioaren gainetik, elkartasunak jarraituko du”, adierazi du Salam Gaza Elkarte jaio berriko kide Hodei Arangurenek Geltokin egindako aurkezpenean. Salam Gaza Bakea Gazarako esan nahi du. Baliabideak bitartekaririk gabe Nafarroatik Palestinara iristarazteko bidea izanen dela jakinarazi dute. 

Ora Arafat da Elkarteko presidentea, Nafarroa koloretan 2024 saria eskuratu berri duena, hain zuzen ere.  “Zubi bat da Nafarroa eta Gaza artean; Genozidioaren gainetik, elkartasunak jarraituko duelako”, adierazi du Arafatek.

Palestinaren kontra jazarpena are gehiago indartu zenean Gazaren alde aritutako jendeak osatu du Elkartea. “Baliabideak zuzenean iritsiko dira Salam Gazaren bitartez. Bitartekorik gabe. Zailtasunen gainetik, beti geratzen direlako zirrikituak”, esan du Arafatek.  Ura eta sendagaiak, familiei laguntza zuzena, gurasorik eta familiarik gabe geratu diren haurrak hartzea, jantoki sozialak, ogia egiteko proiektuak, irrifarrak egitasmoa eta hemen, sentsibilizazioa izanen dituzte ardatz. “Nafarroan egiten diren ekitaldietan prate hartuko dugu diru-bilketa egiteko”, azaldu du. Bazkide izateko aukera ere zabalik dute eta aportazio ekonomikoak egiteko kontu korrontea ere ireki dute. “Genozidioa amaitzen ez den bitartean, hantxe izanen da elkartasuna”, jakinarazi dute.

Gehiago