Nafarroan gutxieneko soldata eta lanaldia arautzea eskatu du LABek

1.600 euroko gutxieneko soldata eta 30 orduko lan astea ezartzea eta zerbitzu publikoak indartzea bilatzen duen kanpaina abiatu du LABek.

2024-ko urriak 10

Igor Arroyo LABeko koordinatzaileak 1.600 euro gordineko gutxieneko soldata eskatu du Nafarroarentzat, bizitzaren kostua Espainiako Estatuan baino handiagoa baita. “Gutxieneko soldata bat ezartzea posible da, lanbide arteko akordio baten bidez”, adierazi du. “Arazoa da CENek ez duela inolako interesik horretarako. Eta negoziatzera eseri dadin CENi presio egin beharrean, Nafarroako Gobernuak enplegu plan bat iragarri du, langile klasearentzat funtsezkoa den gai hori alboratzen duena”.

Arroyoren ustez, hemendik gutxira aurkeztuko duten Nafarroako enplegu plan berria “edukirik gabeko akordio bat” da, “aldeek bete beharreko neurririk gabea”. “Ez dio batere mesederik egiten langileriari. Nafarroako patronala behartu beharra dago, borroka sindikalaren eta presio instituzionalaren bidez, gutxieneko soldata igo, soldata-arrakala ezabatu, lanaldia murriztu eta baimenak luzatzera”.

Ildo horretan, Arroyok bere hitzari huts egin izana aurpegiratu dio Maria Txibite lehendakariari: “2020an, LABek eta beste sindikatu batzuek deitutako greba orokorraren ondoren, Nafarroarentzat gutxieneko soldata propioa ezartzeko aukera aztertzeko konpromisoa hartu zuen Txibitek. Bada, ez dugu konpromiso horretaz ezer gehiago jakin. Txibitek bere hitza jan du. Eta orain, Euskal Autonomia Erkidegoan gai horri buruz eztabaidatzen ari diren bitartean, Nafarroako Gobernuak beste aldera begiratzen du, arazoa berbera denean: Espainiako Estatuko gutxieneko soldatarekin ez dago hilaren amaierara iristerik Hego Euskal Herrian”.

Era berean, Arroyok lanaldia murriztea eta lizentziak nahiz baimenak zabaltzea eskatu du, enplegua eta zaintza bateratu ahal izateko: “Enpleguan dagoen arrakala eta zaintzan dagoen arrakala, biak ala biak dira ezabatu beharrekoak. Hau da, emakume langileei gizonen lan-baldintza berberak bermatu behar zaizkie. Eta gizon langileok erantzukizun berberak hartu behar ditugu zaintza lanei dagokienez”.

Azkenik, Arroyok zerbitzu publikoen egoera aipatu du: “2015eko aldaketa instituzionala gertatu zenetik hobekuntza partzial batzuk izan dira, batez ere ekintza sindikalari esker: administrazioan mileurismoa ezabatu da, Osasunbideko osasun langile guztiei aitortu zaie karrera profesionala, azpikontratetan klausula sozialak ezarri dira, Esku-hartze Sozialerako Nafarroako lehen hitzarmena sortu da, zerbitzu jakin batzuk publifikatu dira… Baina, ikusita, hamarkada bat geroago Irakaskuntzako sindikatu guztiak grebara joan direla ratioen hobekuntza eskatuz, Osasunbideko itxaron-zerrendak inoiz baino luzeagoak direla edota etxebizitza eskuratzeko eskubidea urratzen dela, premiazkoa da zerbitzu publikoak garatzeko hausnarketa eta apustu estrategikoa egitea. Osasuna, zaintza, hezkuntza eta etxebizitza dira indartu beharreko lau zutabe nagusiak. Eta lau zutabe horiek finantzatzeko, kapitalaren errenten pribilegio fiskalekin amaitu behar da”.

Gehiago