ELAk kalera ateratzeko deia egin du erreforma fiskal baten alde

Sindikatua azaroaren 16an Bilbon eta abenduaren 13an Iruñean mobilizatuko da kapitalari eta aberastasunari ezarritako zergak nabarmen handituko dituen erreforma fiskala eskatzeko.

2024-ko urriak 3

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, Leire Gallego Gizarte Ekintzako arduradunak eta Aitor Murgiak Ikerketa Bulegoko arduradunak prentsaurrekoan proposatu dute erreforma fiskalek handitu ditzatela kapitalaren eta errenta handien gaineko zergak, eta horretarako azaroaren 16an Bilbon eta abenduaren 13an Iruñean mobilizatzeko deia egin dute. Gainera, fiskalitateari buruzko txostena aurkeztu dute.



Hego Euskal Herriko enpresek irabazien %9 baino ez dute ordaintzen Sozietateen gaineko Zergan, eta %25 ordaindu beharko lukete. Iaz, 2007an baino 500 milioi gutxiago bildu zituzten aldundiek kontzeptu horrengatik, nahiz eta ordutik hona enpresen mozkinek gora egin duten. 2007ko Sozietateen gaineko Zerga BPGren %3 zen 2007an, eta ehuneko horri eutsiko balitzaio, gaur egun 1.450 milioi euro gehiago bilduko lirateke (1.145 milioi EAEn eta 305 Nafarroan). Ahaldun nagusiek adierazi dutenez, erreformak ez du enpresen lehiakortasuna kaltetuko, eta Lakuntzak azpimarratu du zergak ez dizkietela handituko “etekinak handitzen jarrai dezaten”. “Politika fiskalaren lehentasuna aberastasunaren banaketa izan behar da, eta ez enpresen lehiakortasuna”.



Aitor Murgiak azaldu du langile klaseak eusten diola zerga sistemari: “Enpresek gero eta ekarpen gutxiago egiten dute, eta lan errentek, aldiz, zerga zuzenetatik hamar eurotik zazpi biltzen dituzte”.

Murgiak ohartarazi du diru bilketak ekonomian duen pisua (presio fiskala) Europako batez bestekoaren oso azpitik dagoela. EAEn urtero ekoizten den aberastasunaren %32,8 biltzen da, Nafarroan, %33,7 eta Europako batez bestekoa %40,2koa da. “Hemen Europako presio fiskala aplikatuko balitz, diru kutxa publikoek 6.417 milioi euro gehiago sartuko lituzkete urtean EAEn eta 2.023 milioi gehiago Nafarroan”.


Murgiak gogorarazi duenez, “beharrezkoa da behingoz soldata ez diren errenta guztiak ikuskatzea, ikuskapen faltak iruzurra sustatzen baitu”. Izan ere, enpresaburuek aldundiei aitortzen diete soldatapekoek baino 9.400 euro gutxiago irabazten dutela urtean.

ELAren proposamenak


ELAk zerga politika errotik aldatzea planteatu du. Horretarako, PFEZa aldatu behar da errenta handien zerga tasak zein tarteak handitzeko eta aurrezki errentei aplikatzen zaien tarifa kentzeko, askoz ere baxuagoa baita. Era berean, proposatu du enpresek gutxienez beren kontabilitate mozkinaren %25 ordaintzea Sozietateen gaineko Zergarengatik.
Ondarearen gaineko Zerga aldatzea ere proposatu du (besteak beste, tarifa bikoiztea eta %1 eta %10 arteko errekargu espezifikoa ezartzea).



Azkenik, Leire Gallegok gogorarazi du Hego Euskal Herrian erabakitzen direla pertsonek edo enpresek irabaziengatik ordaintzen dituzten zergak. “EAEko Foru Aldundiek eta Nafarroako Gobernuak aplikatzen dute politika fiskal bidegabea, elkartasunik gabekoa eta soldataz kanpoko errentek egiten duten iruzur fiskalarekin permisiboak”.


Erreforma fiskalen aurreko une erabakigarriaren aurrean, Gallegok honako deia egin du: “azaroaren 16an manifesta gaitezen Bilbon erreforma fiskal garrantzitsu bat eskatzeko, kapitalari, onurei eta aberastasunari zergak nabarmen handitzeko. Eta abenduaren 13an Iruñean ere mobilizatuko gara aurrekontu sozialak eta bidezko erreforma fiskala eskatzeko”.

Gehiago